Alde Zaharrak baditu San Fermin Txikitorako kartelak

2024-ko irailak 9

Ezkerretik eskuinera: Adur Garralda Uriz (15 urtetik beherakoen kategoriako irabazlea), eta Naia Beramendi Basabe eta Guratz Feliu Hipólito (helduen kategoriako irabazleak).

Aurten San Fermin Txikiko jaiak, irailaren 20tik 22ra ospatuko dira eta Jai Batzordeak, hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, jai herrikoiak auzokideen ongizatearekin uztartzeko irizpideak ezarri dituela adierazi du.

Alde Zaharrak baditu dagoeneko aurtengo San Fermin Txikito jaietarako kartelak. Izan ere, Adur Garralda Urizek, 15 urtetik beherakoen kategorian, eta Guratz Feliu Hipolitok eta Naia Beramendi Basabek, adin horretatik gorakoen kategorian, izan dira lehiaketaren irabazleak. Karteletan, suziria, erraldoiak, kilikiak zezentxoak, musika taldeak, Aldapako San Fermin eliza eta santua bera, besteak beste, irudikatu dituzte jaiak iragartzeko.

Aurten, Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako lehiaketara 19 kartel aurkeztu dira, 5 helduen kategorian eta 14 kartel 15 urtetik beherakoan. Lan irabazleak sistema gurutzatu baten bidez aukeratu dira. Sistema gurutzatu horretan, 200 bat auzokidek parte hartu duten herri bozketa, aditu batzorde baten balorazioa eta Jai Batzordearen beraren balorazioaren arteko elkarketa egin da. Helduen kategorian irabazle izan diren Guratzek eta Naiak 400 euro eskudirutan eta Santo Domingoko Merkatuan gastatzeko 50 euroko balea jasoko dituzte. Adurrek, 15 urtetik beherakoen kategorian irabazleak, jaietako egitarauan iragartzen diren auzoko edozein saltokitan erabili ahal izango duen 100 euroko balea jasoko du.

Alde Zaharreko kolektiboek eta bizilagunek osaturiko Jai Batzordea arduratzen da San Fermin Txikiren antolaketaz. Jai Batzordetik, azaldu dute erabat kontziente direla auzoak egunez egun jasaten duen presioaz, gehienak auzo bizitzatik kanpokoak diren ekitaldiez gainezka daudelako eta espazio publikoa irabazi asmoko interes pribatuak elikatzeko erabiltzen delako. Hori dela eta, azken hilabeteetan Jai Batzordeak hausnarketa eta eztabaida prozesu sakona burutu du, jai herrikoien papera eta hauek auzokideen ongizatearekin uztartzeko modua aztertzeko.

Azaldu dutenez, auzoko espazioa auzo bizitzatik kanpoko ekintzetarako etengabe erabiltzearen aurrean, Jai Batzordeak funtsezkotzat jotzen du Alde Zaharra bera, egunez egun ehuntzen eta hazten jarraitzen duen eta auzo sentimendu handia duen komunitate antolatuaren espazio gisa aldarrikatzea. “Horretarako, beste hainbat elementurekin batera, ezinbestekoa da jai eta kultura antolaketa propioa, komunitarioa eta herrikoia bultzatzea. Baita, beti auzokideenganako zainketatik bultzatzea jai hauek” gehitu dute. Beraz, Jai Batzordeak San Fermin Txikin antolatzen dituen jarduerak bideratzen dituen irizpide batzuk adostu ditu, aurten bertan indarrean jarri direnak. Hala, gidalerro berrien arabera, Jai Batzordeak ez du kaleko jarduerarik antolatuko 00:00etatik aurrera; musika emanaldiek gehienez hiru orduko iraupena izango dute; kale estuetan eta eremu saturatuetan soinu inpaktua duten jarduerak saihestuko dira; edota programan soilik izaera laikoa eta doakoa duten ekitaldiak sartuko dira, besteak beste.

Gehiago