Legeak euskaraz idatzita, bertsio ofizial gisa

Urtzi Saratxaga Lozano

Administrazioan Euskaraz Taldea

2024-ko abuztuak 6

Tamalez, euskaldunok ohituta gaude legeak erdaraz baino ez egotera, EAEko eta Nafarroako Foru Komunitateko legeen salbuespenarekin, noski. Dena den, ez da egoera ona eta euskaldunon eskubideen aurkakoa da, lege guztiak euskaraz egon behar bailirateke.

Administrazioan Euskaraz Taldeak Espainiako Diputatuen Kongresuko lehendakariari eskatu dio lehenbailehen baliabideak jar ditzala, hizkuntza ofizial guztietan argitara daitezen, bertsio ofizial izaerarekin, aipatu Ganberak behin betiko onartutako lege-ekimenen testuak. Aukera hori Diputatuen Kongresuaren erregelamenduaren aldaketan jaso zen, hau da, diputatuei hizkuntza ofizial guztietan jarduteko eskubidea aitortu zien aldaketarekin batera. Hala ere, Kongresuak oraindik ez du baliabiderik jarri hori praktikara eramateko, ondorioz, onartutako azken legea gaztelaniaz baino ez da argitaratu.

Espero dezagun gure eskaera aintzat har dezala, hartara, Diputatuen Kongresuak behin betiko onartutako lege-ekimenak hizkuntza ofizial guztietan  argitaratzen has dadin, euskaraz ere bai. Lege eta arau guztiak euskaraz ere argitaratu behar lituzkete.

Gehiago