Sanferminetan Udalaren bizitoki-larrialdiko baliabideetatik kanporatutako pertsonen egoera salatu dute
Iruñerriko Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistak eta Harituko Etxebizitzaren Sindikatuak salatu dutenez, San Fermin jaiak direla eta, datozen egunetan kanporatuak izango dira udalaren bizitoki-larrialdiko baliabideetara bideratutako familia eta pertsonak.
2024-ko ekainak 27
Sindikatuek apirilean “Iruñeko udalak hoteletara eta aterpetxeetara bideratutako pertsonak bizi zituzten miseria-baldintzak” salatu zituzten, eta “baliabide horien berezko ezegonkortasuna San Ferminen atarian alderdi gordinagoa” dela azaldu zuten. “Alde batetik, eta beste urte batzuetan gertatu den bezala, aldi baterako ixten dute etxerik gabeko pertsonentzako udal aterpetxe bakarra. Bestalde, hoteletatik kanporatzen dituzte aldi baterako horietara bideratzen zituzten pertsonak “. Egoera horren aurrean, Udalari leporatu diote “etxerik gabeko pertsonen arazoa Iruñetik kanpo mugitzea, pertsona horietako batzuk beste herri batzuetara eramanez” eta “kaltetutako pertsona asko ezinegon batean izatea, egoeraren eta hartu beharreko neurrien berri behar bezala ez emateagatik, horrek dakarren larritasun eta zalantza guztiarekin”.
Adierazi dutenez, “turismo-negozioa eta horrek sortzen duen onura ekonomikoa lehenesten dira egoera ekonomiko okerrenean dauden pertsonen premien aurrean, eta pertsona horiek ez dira aintzat hartzen”, eta “erakunde publikoek miseria kudeatzen dute, irabaziaren alde eginez beti, eta ez haren kontura”. Horren adibide da, salaketa jarri dutenen sindikatuen iritziz, Udalaren eta Ostatu-pentsioen Programako hotel-enpresen arteko lankidetza publiko-pribatua. Horri esker, “ehunka mila euro jasotzen dituzte diru publikotik, pobrezia-egoera horien eta etxebizitza-gabezia horien kontura”.
Iruñeko Udalak baliabideak biderkatu ditu
Etxegabetuen arazoa ez da berria Iruñean. Azken urtetan areagotu egin den larrialdi egoera konpontzeko zailtasunak onartuta, Joseba Asironek aginte makila hartu zuenean arazo honi irtenbideak bilatzen hasiko zela esan zuen. Zentzu horretan, EH Bilduko eledunak aipatu zuen aurrerapauso esanguratsuak egiten ari ziren arren “pertsona bakar bat kalean lo egiten dagoen bitartean ez dago deus ospatzerik”. Alkatetza hartu zuenetik, baliabideak biderkatu egin dira eta egoera lazgarriei irtenbideak bilatu egin dira, baina soluzio horiek ez dira beti desiagarrienak. Izan ere, auzi hauetan eskuduntzak konpatituak dira Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñerriko beste udalekin ,eta baliabideak mugatuak dira, bereziki kontutan harturik dagoen beharra.