Autoritateak.eus, pertsona-izenen autoritateak bateratzeko tresna aurkeztu dute

Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Autoritateen Lantaldeak sinatutako hitzarmenaren bidez, atari berriak euskarazko pertsona-izenen autoritate arautuak eta bateratuak ikusgai jarriko ditu, liburutegiek, komunikabideek eta toki-entitaeek eskura izan ditzaten.

2024-ko maiatzak 22

Euskal Autoritateen Lantaldeak Eusko Ikaskuntzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena aurkeztu du. Horren bidez, 2017an Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako liburutegietako eta dokumentazio- zentroetako profesionalek abian jarritako ekimenarekin bat egin du Eusko Ikaskuntzak.

Proiektu honen xedea euskaratik euskal bibliografian dauden autoritateen zerrenda bateratu bat sortzea da, erabilera komunerako. Kontzeptu horren baitan jasotzen dira Euskal Herrian edozein hizkuntza, gai edo formatutan editatutako edo ekoiztutako lanak, zein Euskal Herritik kanpoko baina euskal hizkuntza edo kulturarekin zerikusia duten horiek ere.

Zer dira (euskal) autoritateak?
Liburuzain-katalogatzaileek erregistro bibliografikoetan pertsona- izenak edo gaiak modu normalizatuan eta bateratuan erabili ahal izateko, aurretik autoritateak landu behar dira, hau da, bibliografietan jasotzen diren autoritate-erregistroen (izenen, ezizenen edo tituluen) forma komun, normalizatu eta arautua ezarri behar da; autoritateen kontrolaren bidez, gainera, (katalogoetako sarbide-puntuak sortzen, bateratzen eta eguneratzen dituzten prozesuen multzoaren bidez), sarreren arteko erlazioak erakutsiko dira.

Helburua biltegiratutako dokumentuak bilatzea, identifikatzea eta berreskuratzea da, nahasteak saihestuz eta erabiltzaileari denbora aurreztuz. Erakunde korporatibo edo pertsonal jakin baten obrak bilaketa bat egiten den bakoitzean berreskuratzen direla ziurtatzeko, sarrera nagusia zehaztu behar da, haren forma onartua ezarri, baita onartu gabeko formak edo lotutako formak aipatu ere.

Erabilera, batez ere, katalogoetan, liburutegietan eta beste edozein erregistro guneetan emango da, baina baita hedabideetan edo kale izendegietan ere. Autoritateei esker, eta kasu honetan zehazki euskal autoritateei esker, erregistroen bilaketan, euskaraz ere erreferentzia komun, normalizatu eta arautuak egonen dira eskuragarri.

Izen-deiturak arautzeak erreferentzia fidagarria, bateratua eta iraunkorra ematen du. Euskal Herriko Liburutegi Nazionalaren faltan, lan horren ardura Euskal Autoritateen Lantaldeak eta Eusko Ikaskuntzak hartu dute, euskaratik ere nazioartean indarrean dauden arauekin eta erakundeekin bat egiteko asmoz.

Aurkezpenean, autoritateak.eus ataria ezagutzera eman da. Bertan, autoritateen izenak biltzen dituzten fitxak jasoko dira, aldaerak, onartutako edo onartu gabeko moduak barne, eta kontsulta irekian eskuragarri egongo da. Gaur sinatutako hitzarmenean zehazten denez, Eusko Ikaskuntzak bere gain hartzen du proiektua garatzeko beharrezkoa den azpiegitura teknologikoa jartzea.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren iritziz, “herri- ikuspegia bultzatzen duen eta interes orokorrekoa den ekimena da, euskal ekoizpenaren hedapena eta sarbidea erraztuko dituena, baita euskararen sustapena ere, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako kultura- eta akademia-erakundeen arteko lankidetza bultzatuko duena”.

Bestalde, Idoia Sobrino Euskal Autoritateen Lantaldeko kideak nabarmendu duenez, “euskaratik lan hau modu orokor eta bateratu batean egin gabe zegoen oraindik eta gaurtik aitzin iturri komun bat izanen
dugu, autoritateen zerrenda oso bat, edozein erakundek bere autoritate katalogoa osatzeko erabili ahal izanen duena”.

Gehiago