Esako urtegia handitzearen aurka bat egin dute hainbat alderdik

'Esa gehiagorik ez' eta 'Rio Aragon' plataformek babesa jaso dute EH Bildu, Izquierda-Ezkerra, Geroa Bai, Podemos, UPyD, Libertate Nabarra eta Equo alderdiengandik.

2015-ko maiatzak 6

Esako urtegiaren zabaltzeak sortu dituen lur mugimenduek  eta urtegiaren inguruko etxeak hustuarazi izanak  sortu duen kezkak lortu du alderdi politikoen babesa proiektuaren aurka ari diren taldeekiko. Esa gehiagorik ez eta Rio Aragon plataformek babesa jaso dute EH Bildu, Izquierda-Ezkerra, Geroa Bai, Podemos, UPyD, Libertate Nabarra eta Equo alderdiengandik.

Eskuin hegalean hasitako lanak gelditu eta urtegiaren egoera aztertu ondoren zein irtenbide eman diezaioketen aztertzeko eskaera egin dute. Horretarako agiri bat sinatu dute alderdietako ordezkari eta plataformetako kideek. Esa gehiagorik ez eta Rio Aragon plataformen eledunen ustez, arduraz jokatu dute alderdi horiek. Esa urtegian sortu den egoera "jasanezina" da eta irtenbidea bilatu behar zaio. Ez dute bat egin proposamenarekin UPNk, PSNk, PPk ez eta Ciudadanosek ere. Erantzunkizunik gabe aritzea leporatu diete.

Proposamenak mahai gainean

"Egoera aztertu beharra dago eta proposamenak mahai gainean jartzeko unea da", hala uste dute Esa gehiagorik ez eta Rio Aragon plataformetako kideek. "Alderdi politikoei dagokie, baita Nafarroako eta Aragoiko Gobernuei ere irtenbideak ematea", gaineratu dute. Baina aurre hartu diete plataforman lanean ari diren adituek. Zenbait aukera, hainbat alternatiba aurkeztuko dituzte heldu den astean Esa urtegian sortu den egoerari aurre egiteko planteatuko dituztenak. Maiatzaren 13an eginen dute agerraldia Katakrak liburudendan.

Gaur gainera agerraldia egin dute bi plataformek eta eurekin bat egin duten alderdietako ordezkariek. Agiria sinatu dute eta modu horretan, euren babesa helarazi diete alderdietako ordezkariek plataforma osatzen dutenei.

Gehiago