“Zentzutasunez” jokatzea eta AHT gelditzea exijituko diote datozen hauteskundeetan osatuko den gobernu berriari
Ehunka lagun bildu dira Iruñean AHTren aurkako giza katean. Aht gelditu, Sustrai eta Ekologistak Martxan deitutako mobilizazioak Nafarroako hirurogeitahamar eragileen babesa jaso du. AHT ekonomikoki, sozialki eta ingugiroan sortuko dituen arazoetaz ohartu eta proiektu honen atzean dauden interes ekonomiko eta politikoak salatu dituzte.
2015-ko apirilak 11
Manifestariek agerian utzi dute "gero eta zalantza gehiago" daudela Euskal Herrian proiektu honekiko. "Paris eta Madrilekin loturarik ez dauka eta, gainera, Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean aurrikusitako denborak gero eta handiagoak dira, autoen edo autobusen ia parean egoteraino. Maila bereko zentzugabekeria ikusi dezakegu Nafarroan, inondik inora ez doan AHTa eraikitzen ari baitira, Aragoirekin eta EAErekin loturarik ez duena; benetazko AHT txu-txu beldurgarria, porrot egin duen porlanaren politikaren irudia, porrot horren adierazle nagusienak Los Arcos-eko zirkuitoa eta Nafarroan Arena direlarik", esan dute Nafarroako Diputazioaren aurrean irakurritako manifestuan.
Era berean, sstrategikotzat jotzen zuten proiektu honek ez duela bultzada ekonomiko handia ekarri eta eraikuntzan ustelkeria kasuak daudela salatu dute. "Diru-xahuketa honen erantzuleek, UPN, PP eta PSN, ez daukate inongo arazorik urtero aurrekontuen zati handi bat obra honetara bideratzeko. Badakite diru hori maileguan eskatu behar dela eta gero eta zor handiagoa pilatzen dutela eskuetan dituzten gobernuen gainean. Aldi berean, gainera, esaten digute ez dagoela dirurik gizarte zerbitzuetarako eta kultura edo ekonomiako bestelako arloetarako", azpimarratu dute.
Maiatzeko hauteskundeen ondoren osatuko den gobernu berriari eskaera zehatza egin diote zentzutasunez jokatzeko eta AHT berehala gelditzeko.