Abarzuzan eskola berria eta euskalduna aldarrikatu dute parlamentarien aurrean

Sortzen-ek babesa erakutsi die zonaldeko gurasoei, baina UPNko parlamentariek gogoratu diete alderdi erregionalistak Parlamentuan geihengoa duela eta ez dituztela aintzat hartuko euren aldarrikapenak.

2015-ko martxoak 10

Herriko eskolaren egoera dela eta, azpiegiturarekin lotutako arazoak, alegia, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Mahaiaren bisita izan dute gaur Abarzuzan. Landa eremuko eskola gehienek pairatzen dutenaren antzeko egoera dute Abarzuzan, eta honi, azken aurre-matrikulazioan D eredua aukeratu dutenei, Hezkuntza Departamendutik, ezezkoa ematea gehitu behar zaio. Abarzuza eremu mistoan dago, eta lege aldaketa gabe ere, D eredua ezartzeko aukera bermatua beharko lukete.

Irakasleak, gurasoak eta bertako zein inguruko zinegotziak bildu dira parlamentariekin. Eskola berri bat behar dutela, eta gainera euskaraz, nahi dutela azpimarratu dute, "zonaldeak dituen beharrei erantzungo diena". Honen aurrean, UPNko parlamentariaren erantzuna hauxe izan da, hitzez hitz: "Pero tenemos el Parlamento que tenemos, y UPN tiene la mayoria".

Sortzen Elkartetik datorren larunbat honetan, aldaketa sozialaren alde eta Euskal Eskola Publiko berri baten alde Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabadu dute. "Beharrezkoa da, inposaketen garaia amaitu da, gehiengo soziala errespetatuko duen gobernu berri bat behar dugu", esan du Sortzenek. Bestetik, igandean zonifikazioaren mugak gaindituz Martxa egingo da, Lizarratik Bilatortara. 11etan Lizarrako Hilobi Saindutik abiatuko da, eta Bilatortara iristerakoan, hamaiketakoa eta Hamarratz Txokoa izango da. Bukatzeko, gogoratu dute apirilaren 19an Faltzesen Euskara Herria Josten jaialdia ospatuko dela.

Gehiago