Hezkuntza plataformen Topaguneak LOMCEri aurre egiteko neurri zehatzak aurkeztu ditu
Hego Euskal Herriko ikastetxe, auzo, herri eta eskualde ezberdinetako hezkuntza bilgune eta plataforma ezberdinak elkarlanean ari dira Hezkuntza Sistema propioaren alde, Hezkuntza Plataformen Topagunea osatuz.
2015-ko otsailak 8
Santurtzi, Gasteiz, Irun, Bilbo, Lea Artibai, Aiaraldea, Donostia, Iruñea, Eibar, Barakaldo, Orio, Tutera, Enkarterriak… Azkenean Euskal Herria osoa dinamikara batzea da beraien helburua. GURE GIDAren lanketa praktikorako lansaioa egin zuten 110 pertsonea inguruk pasa den abenduaren 6an Durangon. Egun hartako solasaldi eta ondorioekin, aurkeztu berri duten txostena osatu dute.
Hezkuntza Plataformaren Topaguneak aurkeztu duen txostenean LOMCEri aurre egiteko neurri zehatzak proposatzen dira. Baita bestelako hezkuntza eredu herritarrago eta parte hartzaileago baten bidean urratsak emateko gakoak ere.
Dokumentuak 10 neurri zehatz aurkezten ditu, nola gauzatu ere azaltzen duelarik. Lau bloke nagusitan banatuak agertzen dira:
• Parte hartzeari dagokionez, LOMCEk dakartzan aldaketak ez gauzatzea da proposatzen dutena. Partaidetza kolektiboa bultzatuz.
• Pedagogia eta Curriculumari dagokionez, ikasgai konkretuei dagokionean, orain arte bezala jarraitzea proposatzen dute. Material propioak erabiliz, erlijio ikasgaia ez ebaluatuz… Euskal herritik eta Euskal Herriarentzat izango den curriculum propioa eraikiz.
• Ebaluazioei dagokionean, inposaketarik gabeko ebaluazio sistema propioa aldarrikatzen dutenez, 3. mailako ebaluazio diagnostikoari uko egitea da proposatzen dutena.
• Arlo administratiboan, DAE bete ala ez, gure hezkuntza proiektuaren arabera.
HPTk gainontzeko ikastetxe, bilgune, plataforma, eragile, eta herritarrei luzatu nahi die dokumentua, norberak bere errealitateari egokitua, hoberen datorkion gisara landu ahal izateko. “Herri baten egiten denak beste bati balioko dio eta horregatik elkartrukea etengabean sustatzen jarraituko dugu” diote Hezkuntza Plataformen Topagunekoek.
LOMCEri modu praktikoan aurre egiteaz gain, bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzeko konpromisoa dute. Horregatik, Euskal Herriko txoko ezberdinetan dauden hezkuntza proiektu eraikitzaileak saretuko dituzte Hik Hasi aldizkari pedagogikoarekin elkarlanean.
Bira horren lehenengo urratsa Aramaion eman zuten eta Santurtzin edota Hernanin izango direla hurrengo asteotako zitak aurreratu dute.