D eredua, eskertuko dizute
D ereduaren aldeko kanpaina aurkeztu dute Nafarroako hainbat udalek. 4.000 familia ingururi bidaliko diete euskarazko irakaskuntzari buruzko informazioa; bideoa osatu dute, D ereduan aritu ziren hainbat pertsonaren lekukotasunekin.
2015-ko urtarrilak 28
"Kalitatezko eredua da; hurbilekoa eta konfiantzazkoa. Nafarroako berezko bi hizkuntzak eta atzerrikoak ikasteko aukera ematen du". Agoizko alkate Unai Lakok D ereduaren aldeko kanpaina aurkeztu du Burlatako kultur etxean. Udal horrekin batera, Burlatakoak bertakoak eta bertze hainbat toki erakundek egin dute bat euskarazko irakaskuntzaren alde: Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Bidaurreta, Eguesibar, Esteribar, Etxauri, Galar zendea, Gares, Oltza zendea, Orkoien, Sakanako Mankomunitatea, Uharte eta Zizur Nagusiko Kultur Patronatua. Otsailaren 9tik 13ra izanen da aurrematrikulazioa egiteko aukera, Nafarroan.
D ereduaren aldeko kanpaina egiteko bideoa osatu dute toki erakundeok; kartelak eta eskuorriak ere banatuko dituzte. Familia baten lekukotasunak jaso dituzte egindako bideoan. Oskar Sadak hartu du hitza lan horretan, bai eta kanpaina aurkezteko agerraldian ere. D eredua babestu, eta bere kasuan bizitza pertsonalean eta profesionalean lagungarri izan duela nabarmendu du. Ama izan du ondoan Sadak. "Denboran atzera eginen banu, berriz ere eginen nuke D ereduaren alde. Hagitz kontent nago bere garaian egin genuen hautuarekin", erran du Beatriz Muruzabalek.