Berlingo harresia erori zen bezala, Vascuencearen Legearena ere botako dutela ziurtatu dute

Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimenak abenduaren 14an Tafallan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu du. Vascuencearen Legearen horman zabaldu den "pitzadura" egindako lanari esker izan dela diote, eta aurrera begira lanean jarraitzeko deia egin dute.

2014-ko abenduak 2

Aurtengo abenduaren 15ean, Vascuencearen Legea onartu zenaren 28. urteurrena beteko da. Aurten ere, Berlingo Harresia erori zenaren 25. urteurrena ospatu da, eta efemeride hori erabili nahi izan dute Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimenean elkartzen diren gurasoek Vascuencearen Legearen salaketa egiteko. "Berlingo Harresia erori zen bezala, Vascuencearen Legearen harresia, eroriko da ere", ziurtatu dute.

Euren esanetan, azken egun hauetan "Euskarari jarri zioten horma horretan pitzadura bat" zabaldu da, Vascuencearen Legean egingo den erreformari aipamena eginez. Eragile ezberdinek egindako lanari esker izan dela azpimarratu dute, eta berriz ere "politikariak jendartearen atzetik" doazela esan dute. "Vascuencearen Legeari aldaketa txiki bat egitera besterik ez dira ausartu, beraz, harresiak zutik dirau. Dena den, aldaketa hori, ongi etorria izango da gure herrietan, eta 28 urte hauetan diskriminatua egon den euskarari, merezi duen lekua emateko lanean jarraituko dugu", aipatu dute Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Erreformak ez da konponbidea, baina urrats bat bai

Erreforma honekin "ezer ez dela konpondu" eta oraindikan zalantza asko dituztela esan eta gero, "ilusio handia" dutela ere esan dute.  Eta testuinguru honetan, abenduaren 14an Tafallan burutuko duten batzarra eta mobilizazio eguna kokatzen dituzte. Alde batetik, “euskaraz ikasi nahi dugun herrien ordezkarion batzarra” burutuko dute eguerdiko 11etan, Tafallako Baigorri Elkartean. Bertan, aurrean dituzten arriskuen eta aukeren azterketa egiteaz gain, ikasturte honetako matrikulazio kanpainari begira, planteamendu berezi baten zirriborroa marrazten hasiko dira. Batzar honetan parte har dezaten, Nafarroako “eremu diskriminatutako” herrietako biztanleak gonbidatu nahi dituzte euskaraz ikasi nahi, eta uzten ez diete, herrietako biztanleak, alegia.
Geroago, eguerdiko 11etatik aurrera, Tafallako Foru Plazan, “Euskara Plazara” izango da. Bertan, gaztelu puzgarriak, txokolate jana, dantzariak, Garesko Monstruoak, Tafallako txistulariak, haurrendako tailerrak, Hamarratz, eta beste zenbait ekintza egongo dira. Eta eguerdiko 13etan, kalejiran aterako dira “Berlingo harresia nola, Vascuencearen Legea hala! Gure herrietan euskaraz ikasi nahi dugu” lemapean.

Gehiago