9.563 sinadura ikurren lege demokratiko baten alde

Ekimen legegile honen lehen fasea bete dute sinadura bilketa entregatuz.

2014-ko azaroak 18

Pozik agertu dira "Guztion Nafarroan guztion ikurrak" plataformako kideak jasotako babes zabalarekin, "gure helburuak lortu ditugulako eta nafar jendartean eremu oso desberdinetatik jaso dugulako ekimenarekiko babesa", adierazi dutenez.

"Ateak irekiak topatu ditugu sinadura mahaiak jartzeko, sinadura orriak zabaltzeko eta oso harrera ona izan da", esan du Eneko Conpains-ek, ekimenaren bozeramaileak.

Hemendik aurrera 2. fasea irekitzen da, non ekimen legegileak Parlamenturako bidea hartuko duen. Behin sinadurak entregatuta, orain hauteskunde batzordeak baieztatu behar du beharrezko sinadurak jaso direla, eta egiaztapen hau egin eta gero, Nafarroako Parlamentuan herri ekimen legegileko kideek proposamena zuzenean azaltzeko aukera izango dute. Talde parlamentarioek ere aukera izango dute beraien emendakinak eta zuzenketak aurkezteko, eta azkenik Parlamentuan bozketa burutuko da.

Harremanak egin asmo dituzte talde parlamentario desberdinekin. Lehen eskutik ekimena azaldu eta ekimen "erabat demokratikoa" den honen aurrean beraien babesa lantzeko. "Nafarroako ikurren legeak sortzen duen arazo honek konponbidea behar du, etengabe egungo egoera ez-demokratikoaren adibide berriak ikusten ari baikara", azaldu du Conpains-ek.

Gehiago