Nafarroan errausketa egiazki baztertzeko exijitu eta mobilizazioak iragarri dituzte
3Mugak Batera plataformarendako Nafarroan energia balioztatzea edo errausketa bazter uzteko egin den iragarpena ez da egiazkoa izanen FCC-ri milaka tona hondakin balioztatzea edo erraustea baimentzen bazaio bere Olaztiko zementu-fabrikan.
2014-ko irailak 20
Hondakinak erraustearen negozio guztia "nafarroi gehien ostu digun multinazionalaren esku uztea" ez da Nafarroarentzat komenigarriena, 3Mugak Batera plataformaren iritziz. Bertan behera geratu den Hondakin Planeko Energia Balioztatze Plantak soilik Nafarroan sortutako hondakinak erraustuko lituzke eta horregatik uste du Nafarroako Gobernuak birziklatzera behartzen duen legeri berria indarrean jartzen denean, ez litzatekeela errentagarria izanen hondakin horiekin bakarrik.
Baina multinazionalak Nafarroako Gobernuarekin 2012an sinatu zuen hitzarmenaren arabera, ahal izanez gero, Nafarroan sortutako hondakinak erraustuko lituzke, eta beraz, nahiz eta nafarrak hondakinak gutxitu eta birziklatu, estatuko beste edozein tokitatik ekarritako milaka tona hondakinez betetako biltegiak izango genituzke Olaztiko Portland-en, bertan errausteko.
Portland-ek Sevillako Alcala de Guadairan duen Olaztikoaren pareko zementu-fabrikan, 292.000 tona hondakin errausteko baimena eskatu dio dagoeneko Andaluziako Juntari, horietatik 150.000 tona errefusa direlarik, plataformako kideek jakitera eman dutenez.
Errausketak gizakien osasunean, ingurumenean eta inguruko zonaldeetako ekonomian duen eraginak asko kezkatzen du Sakanan. "Hondakinak berreskuratzeko politikak sustatu eta aldi berean zero zabor helburua lortze aldera eragozpen gehien sortzen duen ereduari ateak zabaltzeak adierazten duen kontraesanak ere kezkatzen gaitu", adierazi dute.
Horregatik exijitzen diote Nafarroako Gobernuari "behin betikoz" hondakin errausketa Nafarroan alde batera utz dezala.
Errausketaren arriskua baztertzeko helburuarekin mobilizazioak antolatu dituzte. Lehenengoa datorren urriaren 11n Altsasun.