Sanferminetan euskal musika eskaintza zabala izango da
Egunero kontzertuak izango dira La Runa parkeko Jai Gunean, doinu eta erritmo askotarikoak, goi mailako taldeekin baina baita ere hasi berriak diren talde musikalekin. Nafarroa Oinezeko karpan ere kontzertuak izango dira.
2014-ko uztailak 2
Sanferminetan urtetan zehar euskal musika Iruñeko Udaletxeak beti zokoratu duela azpimarratu bada, intentsitate geihagorekin alternatibak eraikitzen hasi dira, eta aurten inoiz baino geihago.
"Sanferminak aspergarriak dira, urtero berdin", askotan entzuten zen koadrilen artean, eta askok eta askok arrazoi ezberdinak zirela eta alde egiteko aukeratzen zuten. Baina hori amaitu da. Jai Guneak ekarri duen haize berriarekin Sanferminetatik alde egiteko aitzaki guztiak amaitu dira. Eta soilik eskeintza musikalari begiratuz gero, ongi ulertzen da hori. Rock, folck, hip hop, heavy, doinu afrikarrak, punk, erromeria, erritmo elektronikoak…
Eskeintza musikal zabal honetan talde txikiak eta lehen mailako taldeak aurkitzen ditugu. Guztiek konpartituko dute eszenatoki berdina. Berri Txarrak, Betagarri, Esne Beltza, Estricalla, Governors, Motxila 21, Itziarren Semeak, Manolo Kabezabolo, Dkuajo, Kashbad eta Los chikos del maiz dira izen haundiko taldeak, baina zerrenda oso luzea da. Eta berezia ere uztailaren 9an "La vamos a liar" izenburuarekin egingo den musika erakustaldia.
Nafarroa Oinezen txoznan, giro paregabea
Jai gunetik ez oso urrun, euskal musikarentzako beste eremu bat izango da. Takonera parkean kokatzen den Nafarroa Oinezeko karpan talde ezberdinak arituko dira, horien artean Kajon Prieto y los Kuajalotes, Fermin Valencia, Kepa Junkera, Trikizio, Los Zopilotes Txirriaos, Trikidantz, Sarkor…