Udalbiltzak Euskal Herriko banderak kalera ateratzeko deia egiten die herritarrei
Asteburu honetan Gara eta Berria egunkariekin salduko dira ikurrina eta Nafarroako bandera.
2014-ko ekainak 12
Larunbatean eta igandean, Udalbiltzak milaka ikurrin eta Nafarroako bandera banatuko ditu Berria eta Gara egunkarien bitartez. 4,95 euro besterik ez da ordaindu behar egunkari horien edozein salmenta-puntutan ikurrin hauek lortzeko. Garak Nafarroako bandera ere eramango du kioskoetara, eta Berriaren kasuan 943 30 43 45 telefono zenbakira deitu beharko da eskuratzeko.
Ekimen honen bidez, Udalbiltzak tresnak eskaini nahi dizkie herritarrei "Euskal Herriarekiko atxikimendua jendaurrean eta ageriko moduan erakuts dezaten". Beraz, biltzarrak herritar guztiei gonbidapena egiten die "gure nazioaren ikurrak bere egiteko, eta haiekin garena eta sentitzen duguna adierazteko". Horretarako, beraz, banderak kalera ateratzera eta eraikin publiko eta pribatuetan jartzera animatzen ditu herritarrak.
Udalbiltzak joan zen martxoan ekin zion “Euskal herritarrak gara” izeneko lan ildoari, Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortzan aurrerapausuak bultzatzeko helburuarekin. Norabide horretan, udal eta udal-hautetsien biltzarrak euskal sinboloen erabilera bultzatu nahi du.
Erakundeen eremuan, beste neurrien artean, Euskal Herria aintzat hartzen duten paper-ereduak, seinaleak eta irudi korporatiboaren eskuliburu bat bultzatzen ari da udalerrietatik, eta udalen webguneetan “.eus” domeinuaren erabilera.
“Euskal Herriak ireki den aukera garai hau baliatu beharko luke. Erabakitzeko eskubidearen aldeko aurreneko kontsulta antolatu zen Etxarri Aranatzen apirilean, eta igandeko giza kateak agerian utzi zuen bere etorkizunaz erabaki nahi duen herri bat, nazio bat dagoela hemen. Eskoziako autodeterminazioari buruzko erreferendumaren eta Kataluniako galdeketaren atarian gauden honetan, estaturik gabeko nazioen aldarriak mahai gainean ditugu Europan. Herritarren garaia da, pertsona libreena. Munduaren aurrean garen bezala agertzeko unea iritsi da: euskal herritarrak gara”.
Ekainaren 14an eta 15ean
Horrela, Udalbiltzaren eta Berria eta Gara egunkarien elkarlanari esker, asteburu honetan aukera paregabea izango duzu kazetarekin batera ikurrina edo Nafarroako bandera eskuratzeko, edo biak nahi baduzu, bakoitzaren truke 4,95 euro ordainduta. Bandera horiek sokatxo batzuk dituzte, balkoian edo beste edozein euskarritan zintzilikatzeko.