LAB berriz mobilizatu da Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren negoziazioak desblokeatzeko eskatzeko

LABek Gobernua eta patronala interpelatzen jarraituko du, beren jarreretatik mugi daitezen eta hitzarmen duina lortzen lagunduko duten urratsak egin ditzaten, benetako edukiekin, langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituztenak.

2023-ko urriak 20

Hiru urteko borrokaren ondoren, hitzarmenaren negoziazioak bere hartan segitzen du. Bistan da patronalak ez duela interesik langileei lan baldintza hobeak emateko, baina kezkagarria da, halaber, Nafarroako Gobernuak duen pasibotasun jarrera, erakunde publikoen baimenarekin pribatizatuta dagoen zerbitzu publiko batean. Gobernua ez da desblokeoa modu aktiboan bilatzen ari, eta horrek negoziazioaren paralisi integrala eragiten du.

Sektoreko hirugarren sindikatua izan arren, iragan ekainean LABek mahai gainean kolpe bat eman zuen negoziazio mahaia bil zedin, eta lortu zuen. Orain, bertze urrats bat egin du negoziazio hau ezerezean ez gelditzeko. Betiere, langileen lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen sektorial propioa lortzeko helburuarekin.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatua kalera atera da berriz, sektore feminizatu eta prekarizatu horretako langileekin batera, Gobernua eta patronala interpelatzeko, bajak absentismoarekin lotu ez daitezen, gehiegizko klausularik ez onartzeko, ezein kontzepturen izozketarik ez onartzeko, bizitza bateratzea ahalbidetuko duten soldata eta lanaldi duinen alde… Azken finean, lan baldintza duinak eskatzeko.

Greba feminista orokorretik hurbil egonik, sektore honek kalera ateratzeko arrazoi asko ditu, ez bakarrik hitzarmenagatik, baita egiten duten zaintza lan honen aitortzagatik ere. Hitzarmen hau lehen pausoa izanen da zaintza sistemaren publiko eta komunitario baten aldeko borrokan, gizartearendako zein langileendako hain beharrezkoa dena.

Gehiago