“Kapitalaren enegarren ofentsibari” aurre egiteko prestatzen ari da Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea

Asteburu honetan Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen II. Topaketak burutu dira Ziordiako Amarauna espazio autogestionatuan." Sarea ehundu enbatari aurre egiteko lelopean", lau herrialdetako sei sindikatu bildu dira: Iruñeko Haritu!, Gasteizko Auzoan Bizi, Donostiako Saretxe, Hego Uribeko Batu, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea eta Bilboko AZET. Asteburuan zehar, ehun pertsona baino gehiagoren bilgune izan da.

2023-ko azaroak 6

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen zimenduak eta funtzionamendua indartzea izan dira topaketa hauen helburuak. “Zeharkatzen ari garen kapitalaren enegarren ofentsibaren aurrean, enbata gainean dugula jakitun gara; datorkigunaren aurrean geure (etxe)bizitzak defendatzeko, ezinbestekoa zaigu ongi armatutako sarea”.
Oraindik orain hastapenetan dagoen sarea da Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, eta Ziordiako egonaldia baliagarri izan zaie egitura zein antolakuntza fintzen jarraitzeko, eta euren arteko harremana sendotzeko.
Larunbateko hitzaldi, tailer eta mahi inguruetan gai ezberdinak jorratu dituzte: “Errentari txikien gaiari heldu genion, elkarlaguntza sareez mintzatu ginen, eta baita hiri baten baitan auzo mailan jarduteaz ere. Puntu horiez gainera, tartea egon zen bestelako gaiez ere jarduteko: turistifikazioaren aurkako borroka, sindikatuen barne egitura, barne kohesioa, uneotan martxan dauden gatazka konkretuak…”. Arratsaldean merkatu baten eraketarako gakoez hausnartu zuten, etxe-kaleratzeen aurkako erresistentzian trebatu ziren eta komunikazioan sakondu zuten. Bestetik, igandean sarea bera, sindikatuen barne-antolakuntza, borroka politikoa, eta borroka sindikala aztertu zuten.
Ziordia, beste mugarri bat bidean
Iazko urriaren 29an eta 30ean Goñiko Dorrekoa Euskal Udalekuetan egin zituzten Hego Euskal Herri mailako lehenbiziko etxebizitza sindikatuen arteko topaketak. “Goñiko topaketak maila nazionalean eta elkarrekin batera lan egiten hasteko heldulekua izan ziren lehen topaketa horiek, berauen antolakuntza izan baitzen elkarrekin asumitutako lehen erronka.”

Gehiago