Balkanguard desokupazio enpresak Lizarrako familia bat etxegabetu nahi duela salatu dute

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak prentsaurrekoa burutu zuen Lizarran etxegabetze estrajudizial baten berehalako arriskua salatzeko.

2023-ko urriak 23

Etxegabetzea Balkanguard desokupazio enpresaren eskutik eman daiteke. Sindikatuak adierazi duenez, “hainbat dei eta mezu jaso ditu familiak bere etxetik alde egiteko eskatuz” eta “Balkanguard-eko bi matoik bisita egin zioten familiari”. Desokupazio enpresa honen bisitaren ondorioz, sindikatuak dio maizterrek etxea uzteko konpromisoa hartzen zuten dokumentu bat sinarazi zietela mehatxu eta presio bitartez.

Mota honetako enpresen areagotzea ere salatu dute prentsaurrekoan bildu direnek. Izan ere, “legea heltzen ez den lekuetara heltzen da enpresa hauen indarra eta modu honetan, jabeek nahieran kaleratzen dute proletargoa”. “Jabedunen faxismoaren beharra eta administrazio, indar polizial eta botere judizialek jardun honi inolako oztoporik ez jartzea” ere salatu dute.

Azkenik, Sindikatu Sozialistak “faxismoari aurre egingo” diola adierazi du eta deia luzatu du mota honetako egoerak jasanez gero, Kontseilu Sozialistetako Etxebizitza Sindikatuetan antolatzera.

Gehiago