Nafarroako aurrekontuetan gutxieneko pentsioak 1.080€etan osatzeko diru partida bat gehitzeko eskatu diete alderdi politikoei

Legebiltzarrera jo du “Ahora 1.080 € Orain” Herri Ekimenak eta herritarrei azaroaren 11ean eginen den manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu die.

2023-ko irailak 26

Nafarroako hainbat eragile eta sindikatuek osatzen duten  “Ahora 1.080 € Orain” Herri Ekimenaren partaideak Nafarroako Parlamentuan izan dira gaur. Ganbaran agerraldi bat egiteko eskaera bideratu dute, izan ere, 2024ko aurrekontuetan gutxieneko pentsioa 1.080 €-raino osatuko duen partida bat jasotzea proposatu nahi diete alderdi politikoei.

“Salatu nahi dugu ezinezkoa dela Gizarte Segurantzak ematen duen 743 €-ko pentsioarekin bizitza duina ziurtatzea. Nafarroako bizi mailak diru gehiago eskatzen du bizimodu duina ziurtatzeko”, adierazi dute. “Horregatik guztiagatik, Parlamentuko taldeei eskatu nahi diegu 2024rako aurrekontu-legean gutxieneko pentsioa 1.080 €-raino osatuko duen partida bat jaso behar dela, 14 ordainsaritan”.

Nafarroako eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei proposamen honekin bat egiteko eskatu diete, eta azaroaren 11ean 17:30ean Iruñeko Baluartetik eginen den manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu dute.

Gehiago