Espainiako “La Vuelta”-n erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko deia, euskal ikurrez eskuetan

Datozen irailaren 9an eta 10ean Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak herritarrei deia egin diete Espainiako Vueltan “Euskal Herriak erabaki” lelopean errepideak euskal ikurrez betetzeko. Iruñean, Izaban eta Lekunberrin ekimenak izanen dira.

2023-ko irailak 2

Gaur Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak agerraldia egin dute Iruñean eta euskal herritarrei dei egin diete irailaren 9an eta 10ean, Espainiako Vuelta Euskal Herritik igaroko denean, errepideak euskal ikur eta aldarriz betetzeko. Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak azaldu duenez, eta Tourrean egin zen bezala, Euskal Herriko herritarren nahia eta hitza errespetatzeko aldarria presente izananen da. “Txirrindulariak errespetuz animatuz, baina aldi berean geure nortasuna eta ikurrak harro zabalduz eta geure aldarria argi utziz: zazpi lurraldeko herria gara, geure artean ez dugu mugarik nahi eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu”.

Nafarroa Berriz Altxako bozeramaile den Amagoia Susperregik azaldu du askotan euskaldunon ikurrak ez direla errespetatuak, ezinezkoa dela herriaren ohiturak eta kultura askatasunez bizitzea eta ikurrak askatasunez ateratzea. Euskarari buruz ere hitz egin du: “Nafar guztion hizkuntza den eta horrela tratatu beharko litzatekeen hizkuntzak, euskarak, muga artifizialak pairatu eta bigarren mailako tratamendua jasotzen du. Gure identitatearen zati bat ezkutatu nahi da”. Era berean, Irailaren 9ko etapa Larrainetik pasako delarik, bertako pasoa, egunerokoan itxita daukatena eta lasterketa egunerako soilik zabalduko dutena, egunerokoan zabalik edukitzeko aldarria plazaratu du, “gure herritik libre mugitzeko, gure artean ez baitugu mugarik nahi”.

Asteburu osoan zehar, ekimenak Izaban, Iruñean eta Lekunberrin

Irailaren 9ko etapa Larra-Belaguan amaituko da eta irailaren 10eko etapa Iruñean hasi eta Lekunberrin amaituko da. Hori dela eta, bi egun horietan Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak hainbat ekimen antolatuko dituzte zazpi lurraldez osatutako herri honen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Irailaren 9an etapa amaiera inguruan makildun ikurrinen eta Nafarroako ikurren banaketa egingo dute eta Izaban egun osoan zehar ikur-salmenta eta kale-animazioa egongo da.

Gehiago