Argedas eta Burlatan izandako azken lan istripu hilgarriak salatu dituzte sindikatuek

LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU, eta CGT sindikatuak, Nafarroako Jauregiaren aurrean elkartu dira izandako azken istripu hilgarriak salatzeko. Jakitera eman dutenez, igandean Argedasen izandako trafiko istripuan hil zen langilea lanera zihoan. Horrekin, dagoeneko 22 dira lan istripuetan izandako heriotzak.

2023-ko maiatzak 23

Joan den maiatzaren 12an, eraikuntza lanetan ari zen langile batek istripu larria izan zuen Burlatako Iturriondo industrialdean. ZIUn hainbat egun igaro ondoren, bizia galdu zuen joan den ostegunean, maiatzaren 18an. Bestetik, jakitera eman dute joan den igandean lanera zihoan beste langile batek Argedasen izandako istripuan ere hil zela. Sindikatuek elkartasun osoa adierazi diete bere senitarteko, lankide eta lagun guztiei.

“Foru Erkidegoan, apirila arte ez zen lan istripu hilgarririk gertatu, baina azken hilabete eta erdian 5 izan dira horrelako ezbeharrak. Honek erakusten du laneko segurtasuna ezin dela ausazko kontua izan, eta prekarietateak uneoro jartzen dituela arriskuan langileen bizitzak”, salatu dute.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta patronalari “langileon bizitzak etekin ekonomikoen gainetik jartzeko garaia dela” adierazi dute sindikatuek, eta horretarako prekarietatearekin amaitzeko “beharrezkoak diren neurriak behingoz har ditzaten” exigitzen dute.

Gehiago