Pello Mariñelarena gogoan izan dute Etxarrin, eta bere familiak biktima gisa aitortzea eskatuko du

Larunbatean, Etxarri Aranatzeko plazan egindako ekitaldian, Pello Mariñelarena gogoratu zuten. Mariñelarena espetxean gaixotu ondoren ospitalera hiltzera atera zuten duela 30 urte. Nafarroako Gobernuak onartutako legea baliatuko du bere familiak Pello biktima bezala aitortu izateko.

2023-ko maiatzak 15

Pello Mariñelarena Imaz 1993ko maiatzaren 15ean hil zen, duela 30 urte. “Espetxetik Parisko ospitale zibil batera atera zuten, hiltzear zegoelako ere libre utzi zuten. Hurrengo egunean han hil zen, 29 urte zituela”, azaldu du bere arreba Muxik. ETAren kontrako sarekada batean atxilotu zuten Frantzian, eta behin-behinean preso, epaiketarik gabe, bi urte zeramatzala azaldu du Muxik. Frantziako espetxe sistema ere gogoan du: “ez dut gogoratzen, baina bisitarik gabe luze egon zen. Onartzean, hasieran, ama bakarrik joaten zen bisitetara. Gero hasi ginen bi ahizpok, baina ez lagun, ez beste inor gehiago ez. Oso gogorra”.

Preso zegoela garatu zitzaion gaitza. Arrebak gogoratu duenez, “1992ko azarotik-edo osasun arazoak zituen, oinazeak, ordurako oso argal zegoen. Kiloak galtzen joan zen. Baina espetxean bere eskaerei ez zioten kasurik egiten”. Mariñelarenaren kide presoek La Santeko espetxeko erizainak gaztigatzen zituzten, “oso gaizki zegoela esaten zieten”. Erantzuna, “Mariñelarenaz kopetaraino zeudela. Hainbeste kexarekin nazkatuta zeudela erantzuten zieten. Mediku arreta ezaren ondorioz, hiltzen utzi zuten”, laburbildu du Muxik.

Hil baino hamabost egun lehenago Fresnesko espetxe ospitalean sartu zuten. Fresnesko ospitaleko sendagile batek jakinarazi zien anaiaren birika batek ez zuela funtzionatzen, eta bestearen erdiak besterik ez. “Ordurako hodiekin zegoen, ZIUn bezala”. Ahizparekin egindako azken bisita gogoratu du: “ordu erdi irauten bazuen, hamabost edo hogei minutu behar izan zituen ziegatik bisita gelara joateko hiru pisuak igotzeko. Birikak erabat hondatuta zeuzkan eta arnas arazo izugarriak zituen”. Anaiak esan zienez, “espetxeko arduradunek bere osasun arazoen aurrean egiten zuten ez ikusia zela eta inpotente sentitzen zela esan zigun”. Hamabost egunetara hil zen.

Eskaera
Nafarroako Gobernuak eskuin muturreko eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortu eta erreparatzeko helburu duen Foru Lege onartu du. Muxik jakinarazi duenez, “anaiaren kasua legeak zehaztutakoen barruan sartzen da. Eskaera bideratzeko lau urte ditugu, eta hala eginen dugu”. Foru administrazioari egindako eskaerarekin, anaiaren heriotza “salatu eta gertatutakoa publiko egitea” nahi dute, “halakorik berriro gerta ez dadin. Horrekin nahikoa da”, azaldu du. Bitartean, eskaera aurkezteko agiriak biltzen hasiak dira. Egiari Zor fundazioaren laguntza dute langintza horretan. “Elkarrizketa bat ere eginen digute, eta horren arabera erabakiko dute onartzen duten edo ez. Ahaleginak eginen ditugu”, nabarmendu du Muxik.

Nafarroako lege hori baliatuta, estatuaren biktimak ofizialki aitortuak izateko eskaera hainbat nafarrek eginen dituzte, tartean, gutxienez, beste bi familia sakandarren eskaerak daude: Guardia Civilaren tiroz hildako Mikel Arregi Marin lakuntzarrarena eta bihotzean tiro bat zuela Itziarren hilik opatu zuten Josu Zabala Salegi etxarriarrarena.

Gehiago