Foro Sozialak eta EPPK-k presoen eremuan emandako urratsak positiboki baloratu dituzte

Konponbiderako markoa finkatu eta hurrengo faserako erronkak identifikatu ondoren, EPPK-k eta Foro Sozialak amaitutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa. Zaballan elkartu da Agus Hernan eta Ainhoa Mujika Goñi eta Juan Antonio Olarra euskal presoekin.

2023-ko otsailak 7

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak bilera izan zuen atzo arratsaldean Zaballako espetxean EPPK-ko ordezkari diren Ainhoa Mujika Goñi eta Juan Antonio Olarra Guridirekin.

Bilera horretan, Foro Sozial Iraunkorrak EPPKrekin partekatu zituen joan den ekainetik izan duten barne-eztabaidan egindako balantzea, bai eta urtarrilaren 21ean Durangon gizarte zibilaren aurrean aurkeztu zituzten ondorioak ere.

“ETAren armagabetze zibilaren eta desegitearen ondoren, 2018an agenda berri bat adostu zen, hiru lan-ardatz nagusiekin: biktimak, presoak eta memoria. Orain, aurrerapen garrantzitsuak lortu ondoren eta zailtasun berriak agertu direnean, fasea ixten ari da. Presoei dagokienez ere, gaur egun fase bat ixten eta beste fase berri bat abiatzen ari gara, aurrekoa bezalakoa izango ez dena”, dio Foroak zabaldutako oharrean.

Ia preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan

Joan den ostiralean iragarritako azken hurbilketekin, zazpi preso geratzen dira hurbildu gabe. Testuinguru horretan, hurbilketa guztiak burutu eta preso guztiak Zaballa, Basauri, Martutene eta Iruñeko kartzeletan beren zigorrak betetzen egon eta gero, Foro Sozial Iraunkorrak ulertzen du “presoen auzian konponbiderako markoa dagoeneko finkatuta dagoela: salbuespen-politika osoa desaktibatzea; biktimen mina errespetatzea; gradu-progresioen eta baldintzapeko askatasunen ohiko aplikazioa; presoen jarrera proaktiboa birgizarteratze-prozesuetan”, diote oharrean.

Atzoko bileran, Foroaren hitzetan, bi aldeak bat etorri ziren egindako bidea “oso positiboki” baloratzean “sortutako konfiantza eta lortutako aurrerapenak” azpimarratuz. Halaber, fase berrirako erronkak zehazteko orduan ere adostasuna egon zen, hala nola, salbuespenezko politika osoa desaktibatzea, baimenei eta hirugarren graduei oztopoak kenduz, zigorrak metatzeari buruzko 7/2014 Legea indargabetuz eta 40 urte osorik betetzeari buruzko 7/2003 Legea ere bertan behera utziz. Bestaldetik, iheslarien eta deportatuen gaiak konponbiderako agendatik kanpo jarraitzen duela baieztatu zuten.

Jendartearen inplikazioa, gakoa aurrera egiteko

Bi aldeak bat etorri dira urte hauetan guztietan eman diren urrats garrantzitsuak “gehiengo sozial eta politikoarekin batera” egin direla baloratzean. “Gehiengo horrek indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako aurrera-urratsak egitearen aldeko jarrera irmoa izan du, bizikidetza demokratikoari ekarpen garrantzitsua eginez”, esan du Foroak, eta fase honetan egon diren zailtasunen eta krisien aurrean “eragile guztiek zailtasunak gainditzeko borondatea” azpimarratu du.

Foro Sozial Iraunkorrak “oztopoak jartzen ari den lobbyaren aurrean” instituzioen, alderdi politikoen eta sindikatuen arteko adostasunak, baita gizarte zibilaren esku-hartzea ere, funtsezkoak izango direla aipatu du. “Izan ere, lobby honek, irabazle eta garaituen kontakizun bakarra sustatzen duenak, orain arte aurreratutako guztia desegin nahi du”, ohartarazi du Foroak.

Foroaren hitzetan, EPPKko solaskideek adierazi zuten “oso positiboki” baloratzen dutela urte hauetan Foro Sozialarekin aurrera eramandako interlokuzioa eta sortutako lan-espazioa. “Eskerrak eman dizkiote Foro Sozial Iraunkorrari egindako lan handiagatik, eta erakutsitako pazientziagatik eta diskrezioagatik. Eskertzen diote, halaber, bere erraztasun lanaren bidez, adostasunak lortzearren betiere desadostasunen aurretik batzen gaituena lehenetsi duelako”.

Konponbiderako esparrua finkatuta eta hurrengo faserako erronkak identifikatuta, EPPK-k eta Foro Sozialak adostu dute amaitutzat ematea 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa.

Bilera erronda
Atzoko bilera EPPKrekin Foro Sozial Iraunkorra hainbat eragilerekin egiten ari den bileren errondaren barruan kokatzen da. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuekin eta Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko gehienekin biltzen ari da. Bilera horietan, ekainetik egindako barne-eztabaidaren ondorioen berri eman zaie, urtarrilaren 21ean Durangon gizarte zibilarekin izandako topaketan aurkeztutakoak.

Gehiago