Barañaingo Herriguneak salatu du lokala lagatzeko akordioa ez betetzeko arriskuan dagoela, obrak ez direlako oraindik hasi

Barañaingo Eguneko Zentro berria eraikitzeko Herrigunea lekualdaketa akordioa erdietsi ondoren, egindako promesak betetzen ez direla baieztatu dute eragile kultural eta sozialek. Obrak ez dira hasi eta Udalarekin batzartzeko egindako saiakera guztiek huts egin dute.

2023-ko otsailak 6

Barañaingo alkateak kolektiboen erabilerarako berritzeko konpromisoa hartu bazuen ere, promesa hori “hutsa bihurtzen” ari dela salatu dute eragileek.  4 hilabete pasa dira akordio batera iritsi zirenetik eta obrak ez dira oraindik hasi, eta Udalaren partetik ez dira haiekin kontaktuan jarri horren arrazoiak azaltzeko.

“Irailean bi urteko negoziazioen ondoren, Herrigunea osatzen dugun kolektibook, akordio batera iritsi ginen Navarra Sumako alkate den Maria Lecumberri-rekin. Guk ordura arte lagatuta geneukan lokala utzi beharko genuen Eguneko Zentro berria eraikitzeko, eta Udalak Eultza Etorbidea eta Galiziako Komunitateko bidegurutzean dagoen lokala birmoldatuko luke kolektiboen erabilerarako”, gogoratu dute eragile hauek.

Alkateak eta udal arkitektoak orduan esan zutenez, Eguneko Zentroa eraikitzen duen enpresa berari lizitatu zizkioten bi lokalak, eta aldi berean burutuko lituzke obrak. Kolektiboen lokala 5 hilabeteren buruan prest izanen zen ziurtatu zieten.

“Irailaren 16a izan zen Herrigunea utzi genuen genuen eguna. Urriaren 25ean, Eguneko Zentroko obrak hasi ziren, baina gaur gaurkoz, Herrigune berriko obrak ez dira oraindik hasi eta Eguneko Zentroarenak denbora daramate geldirik”, salatu dute.

Lokala utzi genuenetik, alkatearekin eta arkitektoarekin biltzen saiatu dira obrak jarraitzeko eta proiektuari aldaketaren bat egiteko, baina ez dute jaso inolako erantzunik. “Hamar aldiz baino gehiagotan deitu dugu arkitektoa urritik otsailera bitarte, eta horrez gain, akordioaren jarraipena egiteko lau eskaera erregistratu ditugu ere. Hala ere, bat bera ere ez da erantzuna izan”.

Horregatik, uste dute akordioa ez betetzeko arriskuan dagoela, eta alkateari galdetzen diote ea zergatik ez diren obrak hasi lizitatuta bazeuden eta haiekin biltzeko eskaera egiten dute.

Gehiago