Amianto: Sunsundeguiko langile baten alargunari pentsioa handitzea proposatu du Lan Ikuskaritzak
Lan Ikuskaritzak proposatu du amiantoaren eraginez hildako Sunsundeguiko (Altsasu) langile baten emazteari %50ean handitzea alargun pentsioa. Hildakoak 1991tik 2005era arte lan egin zuen Altsasuko plantako txapa sailean, eta amiantoaren eraginpean izan zen bere ohiko zereginetan. Bidelagun Fundazioak oso positibotzat jotzen du proposamena, lor zitekeen errekargurik handiena izaki.
2023-ko otsailak 1
Lan ikuskaritzak proposatu du Altsasuko Sunsundegi enpresak amiantoaren ondorioz hildako langile baten alargunari %50 handitzea prestazioa, hau da, maila gorenenean. Langilea pleura-mesotelioma baten ondorioz hil zen, eta Bidelagunek, Lan Osasunerako ELAren Fundazioak, aurkeztutako demandari esker egin du Ikuskaritzak alargun prestazioa handitzeko proposamena. Bidelagunek oso positibotzat jo duena, lor zitekeen errekargurik handiena baita.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, Sunsundegui enpresaren instalazioetan, barrutik amiantoz estalita zeuden tren bagoiak eraberritzen ziren. Dokumentuetan jasota dago jarduera hori 1982tik 1990era bitartean egin zela. Beraz, txosten hori oinarri hartuta, Lan Ikuskaritzak ondorioztatu du amiantoaren aurkako segurtasun neurririk gabe jardun zutela langileek enpresan, eta horregatik proposatu du errekargu hori. Orain, Gizarte Segurantzak egin behar du azken urratsa dagokion errekargua alargunari aplikatzeko.
Bidelagun Fundazioak eta ELA sindikatuak gogorarazi nahi dute amiantoaren ondoriozko gaixotasun profesionalak gero eta ugariagoak direla, ia dimentsio pandemikoarekin. Hori guztia kontrol publiko nahikorik ez dagoelako eta enpresek segurtasun neurri gehiago hartu ez zituztelako XX. mendean. Bestalde, horrelako patologien agertze aldia – ia guztiak kantzerigenoak – 30 urte ingurukoa denez, ikusezin bihurtzeko eta lan giroarekin ez harremantzeko joera duen fenomeno baten aurrean gaude. Hori dela eta, Bidelagun Fundazioak eta ELAk erakunde publikoei eskatzen diete langile klasearen osasun eskubidea benetan bermatzeko behar adina baliabide eslei ditzatela, eta, zehazki, hitzetatik ekintzetara igarotzea, amiantoaren Biktimen Konpentsazio Funtsaren Erregelamendua behin betiko onartzeak zuzenean kaltetutako langileak eta haien senideak babesteko baliatzea, atzerapenik gabe dagozkien kalte ordainak kobratu ahal izateko.