Erdiz harrobiaren inguruko herri galdeketak debekatu ditu Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak
Erdiz harrobiaren inguruan Baztango herritarrek iritzia ezagutzeko antolaturiko galdeketak hirugarrenez debekatu ditu Espainiako Gobernuak. Azaroaren 20an batzarrak eginen dituzte herriz herri eta arratsaldean elkarretaratze bat antolatu dute Elizondon.
2022-ko azaroak 14
Baztango Batzar Nagusia bi aldiz saiatu da herritarrek Magnak Erdizeko bazkaleku komunalean egin nahi duen harrobiari buruz duten iritzia jasotzen, eta bi saiakerak debekatuak izan dira. Debeku hauek ikusita, galdeketak egitea erabaki zuten Baztango herriek. Lan horretan ari zirenean, pasa den azaroaren 10ean, Guardia Zibilaren deia jaso zuten. “Guardia Zibilak kuartelera konbokatu egin gintuen eta, gure harridurarako, galdeketa ezin genuela egin zioen errekerimendua komunikatu ziguten Gobernuak Nafarroan duen Delegaziotik”, adierazi dute gaur egindako agerraldian.
“Arratsalde hartan bertan jakin genuen Navarra Sumako parlamentaria den Isabel Olabek galdeketen inguruko galdera erregistratua zuela Parlamentuan, ordenantzek ahalbidetzen dutena zalantzan jartzen. Diotenaren arabera, kasualitateak ez dira existitzen eta pentsatzekoa da debekuaren jatorria Olaberen iniziatiban datzala. Hortaz gure eskerrik ironikoenak helarazi nahi dizkiogu Olaberi, baztandarren ahotsa eta iritzia isilarazten saiatzeagatik hain zuzen ere”.
Baztango herrietako hamalau alkateek adierazi dute “arras larritzat” jotzen dutela galdeketen debekua eta “sekulako bidegabekeria” iruditzen zaiela herritarren iritzi hutsa jasotzeko aukera kendu izana. “Zer kalte egin dezake herritarren iritzia ezagutzeak? Zertaz ez digute Baztango herritarroi iritzia ematen uzten? Zertarako balio dute Baztango ordenantzek? Non daude baztandarron eskubideak?”, galdetu dute.
Euren usteetan, debeku honek eta lehen izandakoek “Erdizeko afera” gainditu dute. “Dagoeneko eztabaida ez da harrobia bai ala ez. Hemen benetako parte-hartzeaz eta demokraziaz ari gara solastatzen”. Horregatik, herrietako batzarrek demokraziaren sinbolotzat hartuta, hurrengo azaroaren 20an batzarrak deituko dituzte herri guztietan eta, egun berean arratsaldean, elkarretaratzea antolatuko dute Elizondon.