Iruñerriko Etxebizitza Sindikatua sortu du Kontseilu Sozialistak

Iruñerriko Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatuaren sorreraren berri eman du, eta jakitera eman dutenez, abenduaren 1ean Geltokin aurkeztuko dute.

2022-ko azaroak 14

Iruñerriko Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua aurkeztu berri du. Zabaldu duten oharrean azpimarratu dute “bizi dugun egoera latzak aurrekaririk gabeko krisi bat erakusten” ari dela, eta testuinguru horretan beharrezkotzat jo dute “gure bizi-baldintzen aurkako ofentsibari aurre egiteko antolakuntza eta borroka espazioak garatzen hastea”.

Etxegabetzeen Aurkako Saretik Etxebizitza Sindikatura
Kontseilu Sozialistak nabarmendu du etxebizitzarekin lotutako arazoak eguneroko ogia direla, eta “langile klasearen sektore zabal bat erabateko babesgabetasun egoeran” dagoela esparru honetan. Maiatzean sortu zuten Etxegabetzeen Aurkako Sarearen “mugetaz jakitun” direla azaldu ostean, Etxebizitza Sindikatuaren sorrera honekin lotu dute, etxebizitzaren esparruan “aurrerapauso bat” ematea erabaki dutela azpimarratuz.

“Autodefentsa sozialista” etxebizitzaren esparruan
Etxebizitza Sindikatua esparru honetan “autodefentsa sozialista” antolatzera dator, aurkezpen-oharrean irakur daitekeenez. “Etxegabetzeei eta etxejabeen inpunitateari aurre egitea”, “alokairuaren igoera gelditzea” eta “doako etxebizitzak izateko aukera zabaltzea” gaur egungo egoera hobetzeko beharrezko borroka-frontetzat jotzen dituzte, baina gaineratzen dute “borroka hauek guztiak ez dira nahikoa etxebizitza problematika gainditzeko, hau ezin baita kapitalismotik bereizi”. Hortaz, arazo hauei aurre egitearekin batera “egoera honen egiazko sorburua den gizarte kapitalista gainditzera bidean aurrerapausoak emateko” beharra nabarmendu dute, irtenbide hau “Estatu Sozialistaren eraikuntzarekin” lotuz.

Antolakuntzarako deia eta Etxebizitza Sindikatuaren aurkezpena
Sindikatuaren lehenbiziko aurkezpen publikoa abenduaren 1ean izango da, ostegunarekin, 18:30ean Geltokiko Erabilera Anitzeko Gelan.

Gehiago