LABek formakuntza eta ekintza sindikala zabalduko ditu langileen artean prebentzioa enpresetan sar dezaten

LAB sindikatuak salatu du gero eta istripu hilgarri gehiago daudela Nafarroan, eta langileen heriotzei buruzko isilune instituzionalaz gain, Nafarroako Gobernua ez dela lan istripuak behar bezala kudeatzen ari salatu du. Sindikatuaren arabera, lan osasunari buruzko araudia "sistematikoki ez betetzeagatik patronala ez ukitzeko erabakia dago".

2022-ko urriak 20

Gaur Iruñean egindako agerraldi batean, LAB sindikatuak aurten Nafarroan izandako lan-istripu hilgarrien kopuruaren hazkundea azpimarratu du. 2021ak bikoiztu egin zuen 2020a, eta 2022an, berriz, etengabeko hazkunde-joera. “Erabat ozena eta mingarria da Nafarroako Gobernuak eta haren bozeramaileek beren lanpostuetan hiltzen diren langileen heriotzak direla-eta izaten duten isiltasuna, Gobernuak lan osasunarekiko duen sentsibilitatearen isla. Era berean, onartezina da enpresari nafarren axolagabekeria eta inpunitatea. Zer eginen luke Txibite lehendakariak herrialde honetan bortz egunean behin langile bat hil beharrean enpresaburu bat hilen balitz?”, galdetu du Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak.

Goranzko intzidentzia: gero eta istripu hilgarri gehiago dago Nafarroan
Nafarroako Gobernuak honi buruz ematen dituen datu ofizialak “patronalak berak erabakitzen” dituela salatu du sindikatu abertzaleak. “Hala, hilkortasunaren erdia baino ez dute onartzen. Zer erran laneko gaixotasunen tasaz? Mutualitateek, prozeduraz, eritasun profesionalak Osasunbidera bideratzen dituzte, kontingentzia arruntak balira bezala, eta, horrela, beraiek eragin dituzten lesioen gastuak eta tratamenduak aurrezten dituzte”, esan du Iriartek.

LAB sindikatuak ez die datu horiei sinesgarritasunik ematen, eta euren kontaketaren arabera, aurten dagoeneko gutxienez 17 dira hildako langileak.

Nafarroan, erakundeek mahai gainean jartzen dituzten lan osasuneko ekimenak ez direla eraginkorrak ere aipatu du Iriartek. “Horren atzean nahita egindako diseinu bat dago: patronala ez ukitzeko erabakia”, salatu du. Izan ere, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua “erabat mugatuta” dagoela bere eginkizunetan kritikatu du LABeko kideak. “Gure iritziz, funtzioen diseinu hori nahita egiten da. Patronala lasai uztea du helburu. Bertze era batera erranda, gaur egun NOPLOI kanpoko prebentzio-zerbitzu baten (LPZ) funtzioak betetzen ari da. Doako prebentzio zerbitzua, duela 27 urtetik nahitaezkoak eta beren erantzukizunekoak diren neurriak hartzen laguntzeko enpresei”, zehaztu du.

30 ikuskatzaile baino gutxiago

Espainiako Gobernuaren menpeko Lan Ikuskaritzari dagokionez, 30 ikuskatzaile baino gutxiago daudela jakitera eman du Inko Iriartek, eta horietako gutxi batzuek enpresetara bisitak egiten dituzte. “Gainera, haien profila ez da teknikoa, juridikoa baizik. Horrek zailtasun handiak sortzen ditu enpresetara egiten diren bisitetan; izan ere, enpresa horietan arriskuak identifikatu ordez, enpresek kontratatutako LPZ-en txostenetan oinarritzen dituzte beren eskakizunak”.

Horrek guztiak patronalari egiten diola mesede salatu du LABek, eta praktikan inork ez dio lan osasunari buruzko araudia betearazten uste du sindikatuak. “Horrela uler daiteke laneko istripu eta gaixotasunen tasa ikaragarri hori”, dio Iriartek.

“Egoera horri erantzuteko, ezinbertzekoa da Nafarroako Gobernuari erantzukizuna eskatzea, enpresaburuei legea betearaz diezaien. Eta horretarako, LABek praktikoak eta eraginkorrak izatea aldarrikatzen du: Lan Ikuskaritza propioa izatea behar-beharrezkoa da”.

LABen ekimena eta kanpaina
Egoera dela eta, hainbat neurri hartu ditu sindikatuak euren ordezkari eta afiliatuen artean, baita Nafarroako langile guztiei zuzendutako ekintza sindikalean ere. Esaterako, lanbide heriotzak eta gaixotasunak eragiten dituzten berariazko arriskuen aurrean, delegatuei eta oro har afiliatuei beharrezko informazioa eta prestakuntza eskainiko diete, enpresetan neurriak integratzeko behar den ezagutza tekniko eta ideologikoa izan dezaten. Horrek lagunduko du “prebentzioa enpresetan ekintza sindikalaren bidez integratzeko”, LABen iritziz.

Gehiago