Azken bi heriotzek 16ra igo dute Nafarroan lan istripuengatik hildakoen kopurua
Azken 48 orduetan bi langile gehiago hil dira Nafarroan lan istripuen eraginez. 2022 honetan dagoeneko 59 langile hil dira Euskal Herrian lanean zirela, lanarengatik edo laneko bidean; horietako 16 Nafarroan.
2022-ko urriak 3
Atzo jakin zenez, abere baten adarkaden ondorioz 42 urteko langile bat hil zen Muniainen. Istripuaren nondik norakoen datu gehiago ez daude oraindik, baina dirudienez “lan segurtasun protokoloak ez dira bete”, LAB sindikatuak salatu duenez. Izan ere, bereziki arriskutsua den orein arren orroaldian gertatu delako langile honen heriotza.
Bestetik, joan zen irailaren 22an Alloko Essity paper lantegian lanean ari zela bihotzekoak jota erietxera eraman zuten 60 urteko J.C. langilea hil egin da.
ELA: “Ez dute borondaterik”
ELAren iritziz, ezbehar tasa geldiaraztea erantzukizun kontua izateaz gain “borondate kontua ere bada, eta, zoritxarrez, patronalak eta Gobernuak ez dute egoera iraultzeko benetako borondaterik”. Hori dela eta, ELAk langileriari dei egiten dio egoeraz jabetu eta lan ezbeharren aurrean mobilizatzeko “Nafarroan hilero pertsona baten bizitza aurretik eramaten baitu.”
LAB: “Behingoz beharrezkoak diren bitartekoak jar ditzaten”
LAB sindikatuak patronalaren ardura azpimarratu nahi izan du komunikatu baten bidez. Bere esanetan, patronalak ez ditu langileon osasuna bermatzeko beharrezko baliabideak jartzen. “Neurri horiek ez baditu hartzen, baliabideak ez baditu ipintzen, hori bermatu behar duen administrazioak kontrol eta jarraipenik egiten ez duelako da”, gehitu dute.
Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Lan Ikuskaritzari lan istripuak saihesteko “beharrezkoak diren bitartekoak” jartzeko deia egin die sindikatuak.