Eraso faxista berri bat salatu dute Leitzan, eta ostiralean horren aurkako mobilizazioa eginen dute

Herrian beste eraso faxista bat gertatu dela salatu du Leitzako Udalak, «denbora gutxian hirugarrena» eta «oraingoa ezaugarri arrazista eta ikur naziekin». Bizilagun bati, kotxeko gurpil bat zulatu diote eta ohar bat utzi diote, irainekin. Hori salatzeko udalak deituta, elkarretaratzea eginen dute ostiral honetan Leitzako plazan.

2022-ko irailak 26

Leitzako herritar bati autoko gurpil batean labanaz ebakia egin eta kristalean «Fuera de Leiza putos monos!» zioen oharra jarri zioten leihoan. Gainera, oharrean SS ikur nazia ere ageri da, alderdi naziaren talde paramilitarra izan zenaren siglak, hain zuzen.

Erasoa irailaren 3an gertatu zen, baina ez da azken aldian Leitzan izan den eraso faxista bakarra. Leitzako pestetan, abuztuaren 9an eta 15ean, bi mehatxu agertu ziren beheko txosnan. Leitzako Txosna Batzordeak adierazi zuenez, «abuztuaren 9ko gauen, festak hastear zeudela, beheko txosnan eraso egin ziguten. Bertan «Muerte a los terroristas» idatzi eta pintura gorria bota zuten. Hurrengo egunak eraso berririk gabe joan ziren, festetako azken eguna iritsi zen arte. Abuztuaren 15eko gauean, berriro ere txosnako atean mezu bat utzi ziguten. Mezua herritar bati bideratua zegoen, bertan berari eta bere familiari mehatxu zuzena eginez». Eraso horiei erantzunez, elkarretaratzea egin zuten abuztuaren 18an eta 150 bat elkartu ziren herriko plazan, Faxismoari stop lelopean.

Ostiral honetan, irailaren 30ean, berriz eginen dute elkarretaratzea, Erasoa jasan dutenei elkartasuna adierazi eta mehatxuak salatzeko, Eraso faxistarik ez! lelopean bilduko dira. Hitzordua 19:30ean Leitzako plazan eginen dute.

Gehiago