Beste langile bat hil da lan istripu batean, Olaztin

55 urteko gizonezko olaztiar bat zendu da Porlandegian izandako ezbeharran., Guaixe.eus atariak jakitera eman duenez. Aurten, gutxienez, 55 pertsona hil dira lan istripuz Euskal Herrian; 12, Nafarroan.

2022-ko irailak 8

Gaur eguerdian heriotza eragin duen lan istripua izan da Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivas enpresan. Pabiloi batean zamalanetan ari zen orga jasotzaile batek gizonezko langile bat harrapatu du. Lankideek larrialdi zerbitzuetara hots egin dute, baina medikua zuen anbulantzia iritsi denerako gizona hilda zegoen eta ezin izan dute ezer egin. Foruzaingoa ari da ezbeharra ikertzen.

Aurten, gutxienez, 55 pertsona hil dira lan istripuz Euskal Herrian. Horietako 12, Nafarroan.

LAB: “Prebentzio neurriekin, ekidin zitekeen”

LAB sindikatuak, ohar bidez, istripua ekidin zitekeen salatu du. “Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira”.

Ildo horretan, LABek dio ezagunak direla karretilen erabilpenak sortzen dituen arriskuak. “Eta ezagunagoak arrisku hauek saihesteko ezarri beharreko neurriak. Salatu dugu azken asteotan lan osasunerako txostenak egin bai, baina bertan adierazitako neurriak ez direla aplikatzen. Ezaguna da lantokietako pasabideek margoturik egon behar dutela oinezkoen eta ibilgailuen arteko harrapaketak ekiditeko”, adierazi du sindikatuak, eta neurri horiek betetzen ari ziren galdetzen du.

LABek argi du ardura enpresarena dela, eta botere publikoek neurriak hartzen direla kontrolatu behar dutela. “Zergatik ematen da egoera hau? Patronalari merkea ateratzen zaiolako langile baten heriotza eta hauek sortzen duten presio eta segurtasun ezez baliatzen da mozkinak handitzeko. Kapitala, produkzioa langileon bizitzaren aurretik. Patronalaren jokaera hau ahalbidetzeko ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuaren onespena. Izan ere, patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilpen ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du. Erabaki politiko bat dago honen atzean, azken instantzian Maria Chiviteren erabaki politikoa”, esan du sindikatuak.

Datozen orduetan gehiengo sindikaletik deituko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du LABek.

Gehiago