Sanferminetan berriz ere zezenkenten aurkako aldarriak hartuko ditu kaleak

Iruñea Antitaurina ekimenak kalejira eginen du uztailaren 7an arratsaldeko 19.00etan Udal Plazatik abiatuta. Hiritarren artean eztabaida ireki nahi du ekimen honek etorkizun batean ospatuko diren sanferminetatik zezenketak ezabatzeko.

2022-ko ekainak 29

Bi urte festarik gabe pasa ondoren, Iruñea Antitaurinan Sanferminak hasteko gogoz daude, baina nahiago dituzte San Fermin batzuk animalien kontrako tratu txarrik gabe, hau da zezenketarik gabe, eta horregatik ospatuko diren etorkizuneko sanferminetara igarotzeko eztabaida gauzatu behar dela azpimarratu dute berriz ere.

“Tamalez, beste alde batera begiratzeko ahalegina suma daiteke. Batetik, zezenketen kontra, eta horri buruzko eztabaida egitearen alde, herritarrek Udalaren postontzira bidalitako proposamenak Entzierroaren Mahaira bideratu zituzten, hots, zakarrontzira, Mahai horrek entzierroaren alderdi teknikoak soilik landu ditzakeelako”, kritikatu dute. Bestetik, Zenzen Plazaren mendeurrena ospatzen ari den honetan, haiek ez dute urtemuga hori ospatzen “ikuskizun anker eta barbaroa” plaza horretan oraindik egiten delako. “Ospatzekoa izanen litzateke bertan animalien torturarekin zerikusirik ez duten ikuskizunak soilik antolatuko balira”, argudiatu dute.


Polemika Mayarekin

Aurten, Iruñeko alkatea saiatu da Iruñera makrokontzertu bat ekartzen, baina, berak aitortu duenez, hiriko zezenketek taldeak kontratatzea zaildu eta eragotzi dute, eta Iruñeko herritarren artean ere zezenen inguruko eztabaida gero eta handiagoa da. “Inkestaz inkesta berresten ari da tauromakiari adierazitako arbuioa. Azkenak, BBVA Fundazioak egindakoa, azaldu du herritarren %80 zezenketen aurka dagoela. Garrantzitsua da jakitea 2007-2019 aldian Estatuan egindako zezenketak %63,4 murriztu zirela. Bestalde, Iruñeko peñetako kideei egindako inkesta batean, %26,4 zezenketei buruz eztabaidatzearen alde agertu dira. Datu baikorra da peñen barneko iritziaren garapena ezagutzeko”, adierazi dute.

Etokizuneko sanferminei buruzko eztabaida sustatzeko, Peñen Federazioarekin bildu ziren eta dossierra eman zieten zezenketei buruzko hausnarketa egiteko. “Izan ere, uste dugu peñek, sanferminetako eragile nagusi eta funtsezkoetako bat izanik, jai-ereduaren aldaketa bultzatu beharko luketela, aldaketa hori baita datuek iradokitzen dutena eta gizarteak eskatzen duena”, esan dute.

Krudelkeriari bukaera ematea

“Hain krudelkeria handiari” ezin zaiola begiak, belarriak eta ahoa ixten jarraitu uste dute Iruñea Antitaurina taldekoek, eta beste hainbat esparruetan bezalaxe, jaiek ere gizartearekin batera aldatu behar dutela iritzi dute, eta horregatik berriz aterako dira kalera datorren uztailaren 7an. “Gure apustua etorkizuneko Sanferminen aldeko urratsak ematea da. Horregatik, azken urteotako tradizioari jarraitu eta jai giroko aldarrikapena eginen dugu Sanferminetan parte hartuz”. Uztailaren 7an, arratsaldeko 7etan zezenketen aurkako Kalejira abiatuko da Udaletxeko plazatik 3Indarrok Elektrotxarangaren musikarekin.

Gehiago