Dynamobel enpresak 70 langile kaleratu nahi ditu Berriobeitin eta Azkoienen

Dynamobelek espedientea hasi du 70 langile kaleratzeko, Berriobeitiko lantegia ixteko eta soldatak % 10 eta % 15 artean jaisteko. Egoera horren aurrean, ELAk mobilizaziorako deia egin du enpleguaren alde.

2022-ko maiatzak 31

Dynamobel enpresak lantokiak Berriobeitin eta Azkoienen ditu, eta 235 lagunek egiten dute lan bertan. Zuzendaritzak 70 pertsonentzako enplegu erregulazioko espedientea egin nahi du, eta zeharkako eskulaneko pertsonentzako %15eko soldata jaitsiera eta zuzeneko eskulaneko pertsonentzako %10ekoa, ELAk jakitera eman duenez. “Horrela, enpresak bi helburu bete nahi ditu: batetik, Berriobeitiko lantegia ixtea eta zentro horretako eta Azkoiengo lanpostuak suntsitzea, eta, bestetik, enpresan geratzen diren pertsonen lan baldintzak prekarizatzea, soldata jaitsiera lotsagarriekin”, salatu du sindikatuak.

ELAk gogorarazi du “ez dela lehen aldia enpresako zuzendaritzak bere ezintasuna plantillaren gain jartzen duena. Izan ere, azken urteotan langileek soldatak izoztuta izan dituzte, besteak beste”. ELAren ustez “argi dago langileak zigortzeak ez duela balio izan eta ez duela balioko enpresak galera ekonomikotzat jotzen duen egoera bati buelta emateko”.
Era berean, ELAk dei egiten die administrazio publikoei, oro har, eta Nafarroako Gobernuari, bereziki “gaiari eusteko eta erantzukizunez jokatzeko”.

Azkenik, ELAk mobilizatzera eta lanpostu duinen alde borrokatzera animatu ditu langileak.

Gehiago