#EuskarazBiziNahiDut: 10.000 herritar hizkuntza politika berri baten alde kalera atera dira Iruñean

Milaka eta milaka lagun izan dira Iruñeko kaleak bete dituztenak Nafarroako Gobernuari euskararen normalizazioa eta hizkuntza politika berri bat ozen aldarrikatzeko. Bukaerako ekitaldian Paul Bilbaok nabarmendu du Nafarroan aldaketa "guztion artean" eta "euskararen eskutik" helduko dela bakarrik.

2014-ko martxoak 22

Milaka euskaltzale izan dira kalera atera direnak "Euskaraz bizi nahi dut" lelopean. Eragile politiko, sindikal zein sozial ugari eta anitzek babesturiko manifestazioa Antoniutti parketik abiatu da eta erdigunea zeharkatu ondoren, Iruñeako Gaztelu Plazan amaitu da ekitaldi batekin. Hotza egin arren, manifestariek ez dute hau oztopo izan Yolanda Barcinak gidatzen duen gobernuari argi eta ozen esateko euskararekiko beste politika bat nahi dutela.

Euskararen legeak ezartzen duen zonifikazioa, D ereduaren aurkako erasoak, euskal komunikabideekiko jarrera, euskaltegiei diru laguntza eman ez izana edota euskara erabiltzen duten udalen kontrako jazarpena bertan behera uztea eskatu diote UPNri.

Bukaerako ekitaldian Edurne Arrizibitak hartu du hitza manifestazioaren antolatzaileen izenean. Behatokiko kideak salatu ditu euskararen aurkako erasoak, eta indarrean dagoen Euskararen legea bertan behera uztea eskatu du.

Kontseiluaren izenean, Paul Bilbaok hitz egin du, Nafarroak behar duen aldaketan hizkuntz politika berri bat behar dela aldarrikatzeko. "Nafarroan eman beharreko aldaketan agertoki berria eraiki behar dugu, non euskaraz bizitzea aldarria izatetik errealitate bihurtuko den", esan du txalo artean.

Gehiago