Inoizko “uzta emankorrena” jaso dute Nafarroako hegoaldeko nekazariek Errigorarekin elkarlanean

Eskutik Eskura azken kanpainaren eskaerak hazi egin dira eta horrek Nafarroako hegoaldeko nekazariei eta bide batez euskararen egoerari egiten dion ekarpena nabarmendu du Errigorak.

2022-ko apirilak 27

Elikagaiak ekoizteko erak aldatzeko kontsumitzeko erak aldatzea izan daiteke bide eraginkorrena uste du Errigorak, hau da, gaurko kontsumoaren araberakoa izango dela biharko ekoizpena. Eta aurten Nafarroako hegoaldeko nekazariekin elkarlanean bildu duten eskaera oldeak hitzok lurreratzeko modua eman dietela ondorioztatzen dute.

Kanpainaren arrakasta datuetan

Aurten %20 hazi da kontserba-arroza-pasta-lekale ekologiko eskaera. Datorren urtean, potxa ekologikoa ekarri ahalko dute esakaintzara eta produktu ekologiko kopurua orokorrean handiagoa izango dela iragarri du Errigorak. Bestetik, 11.000 kilo txitxirio eta dilista banatzen ari dira. Hazialdeko lekale ekoizleen elkartearentzat bultzada ederra suposatzen du horrek kanpotik ekarri ohi dituzten lekale horien berreskurapenean. Gainera, eta bultzada honen ondorioz, irailerako prest izango dira 40 robada (36.000 metro karratu) lur sail berri piper ekologiko gehiago jasotzeko.

Errigoraren helburu nagusia Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzea izanda, horren inguruko datuak ere eman dituzte. Honezkero, 12 ekoizleren lantokitan euskara-planak ari dira gauzatzen. 2023rako Errigoraren baitan ari diren guztiak izango dira euskara-planetan murgilduta.

“Oinak lurrean” zen kanpaina berri honen beste lelo bat. Lurrarekiko eta bertan bizi direnekiko errespetuz jardun nahi dutelako. “Oinak lurrean, amets egiteari uko egiten ez diogun arren, ez garelako ametsetan bizi. Oinetako behatzekin uki daitezke Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren ekarpenak Nafarroako baratzean eman dituen fruituak”. zehaztu dute.

Ekoizle eta kontsumitzaileon arteko zubi-lana egiten duten ehunka boluntario auzolan honen gakoa direla azpimarratu nahi izan du Errigorak. “Herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan nekaezina. Mundu globalizatuak eutsi ezinezko erauntsiak eragiten dizkigun garaiotan, udaberria ekarri badu Korrikak, bere apaltasunean, antzerako sormena plazaratu dugu Eskutik Eskura. Pandemia, gerra hotsak edo erregai krisia bezalako astinaldien aurrean babeslekuak behar ditugu, eta berriro ere, komunitate honetan babesa aurkitu dugula dirudi. Segi dezagun ibilian, oinak lurrean”.

Gehiago