LABek helegitea aurkeztuko du Iruñeko Haur Eskoletako LEParen aurka, berme juridikorik ez duelako
LAB sindikatuak helegitea aurkeztuko du Iruñeko Udal Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak 2021erako onartutako Udal Haur Eskoletarako LEParen aurka; izan ere, aztertu ondoren, ondorioztatu du Lan Eskaintza Publikoan aurreikusitako hainbat lanpostuk ez dutela berme juridikorik. Behin deialdiak abian jarri ondoren, berme falta horrek deialdiak geldiaraz litzakeen errekurtso-andana bat eragingo du, horrek dakartzan kalte eta eragozpen guztiekin.
2022-ko otsailak 9
LABek uste du beharrezkoa dela Iruñeko Haur Eskoletarako plazak sortzea eta LEPak egitea, are gehiago azken deialdiak 2003an (20 plaza) eta 2007an (3 plaza soilik) egin zirela kontuan hartuta; horrek behin-behinekotasun-tasa oso handia eragiten du eskola horietan lan egiten duten pertsonen artean, dio sindikatuak. “Baina, aldi berean, eskatzen dugu lan-eskaintza publiko horiek ordenamendu juridikoak ezarritako bermeak bete ditzatela, eta hori ez da gertatzen Gobernu Batzordeak 2021eko abenduaren 10ean egindako bilkuran onartutakoan”, aipatzen du LABek.
LABek azpimarratzen du deialdi horretako 51 lanpostuk “arazoak sor ditzakete” dotazio ekonomikorik ez izateagatik (47 egonkortzekoak eta 4 ordeztekoak), LEPa onartu zenean indarrean zegoen plantilla organikoan jasota ez zeudelako, ordezte-tasarik ez dutelako edo deialdia epez kanpo argitaratu zelako.
“LABek Haur Eskoletako langile guztien eskubideak defendatu nahi ditu, eta, oposizio baten aurrean egin beharreko ahalegina eta lan izugarria kontuan hartuta, hautaketa-prozesuek berme juridiko guztiak izatea lortu nahi du, hala, ondorengo ziurgabetasun, ustekabe eta atzerapausoak saihestuz”, dio sindikatuak. Errekurtso honen helburua da “Enrique Maya Iruñeko alkatearen eta Navarra Suma alderdiaren LEP lardats honek eragin ditzakeen ondorioak saihestea”.