Pirineoetako gailurrak argiztatuz, Euskal Herria eta Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko da uztailaren 2an
Gure Eskuk Pirinioetako Bidea mobilizazioa aurkeztu du gaur. Kataluniako entitate sozialekin elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio honetan Euskal Herria eta Katalunia herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko da. Uztailaren 2an mendi gailurretan eginen den mobilizazioaren dimentsio politikoa zein xehetasun teknikoak aurkeztu dituzte.
2022-ko urtarrilak 29
2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrak elkarlanean 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, mendizaleek argi-lerro bat osatuko dute Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dute parte hartzaileek.
Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku dira antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica, laguntzaile. Epe luzerako elkarlan baten abiapuntu gisa irudikatu dute ekintza.
Euskal herritarrei 115 gailur egokitu zaizkie, Jaizkibeletik Benasqueraino (Huesca). Gailur ‘berdeak’ eta ‘gorriak’ bereizi dira: ‘berdeak’ jende gehienarentzat izan daitezke irisgarriak, eta beraz, izen-ematea irekia izango da; eta gorriak, aldiz, mendizale trebatuentzat soilik dira egokiak, eta honenbestez, izen-ematea mugatua izango da. Gailur berdeetarako izen ematea martxoan irekiko da, eta gorrietakoa dagoeneko martxan da.
Gure Eskuko kideez gain, hainbat gonbidatu berezik parte hartu dute gaurko agerraldian: Felipe Uriarte alpinistak, Antton Telleria umoregileak, Garazi Etxaburu dantzariak, Eñaut Zubizarreta biolontxelo-joleak, eta bideo bidez, ANC eta Omnium Culturaleko presidente Elisenda Paluzie eta Jordi Cuixartek.