LABek Covid pasaportea bertan behera uztea eta neurri eraginkorrak hartzea eskatu du

Nafarroako Gobernuak Covid ziurtagiriari eutsi izana kritikatu du LAB sindikatuak, bai eta osasun sistema publikoa indartzeko neurriak eskatu ere.

2022-ko urtarrilak 13

Gobernuaren eskariz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Covidari aurre egiteko hainbat neurrien luzapena ontzat eman ditu, besteak beste, Covid ziurtagiria. LAB sindikatuak Covid pasaportea bertan behera utzi eta eraginkorrak izango diren neurriak hartzea eskatzen du, besteak beste, konfinatutako haurren guraso guztientzat zaintza baimena ezartzea, lantokietan prebentzio neurriak ezartzea, osasun eta zaintza sistema publikoa indartzea edota pandemiak langileongan eragindako ondorioei aurre egitea.

Gobernuaren eskariz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Covidari aurre egiteko hainbat neurrien luzapena ontzat eman ditu, besteak beste, Covid ziurtagiria. LAB sindikatuak Covid pasaportea bertan behera utzi eta eraginkorrak izango diren neurriak hartzea eskatzen du, besteak beste, konfinatutako haurren guraso guztientzat zaintza baimena ezartzea, lantokietan prebentzio neurriak ezartzea, osasun eta zaintza sistema publikoa indartzea edota pandemiak langileongan eragindako ondorioei aurre egitea.

LABen iritziz, osasun publikoaren ikuspegitik ez dago nahikoa justifikaziorik Covid ziurtagiria ezartzeko, kontuan hartuta nafarren %80tik gora txertatua dagoela eta txertatuta dauden herritarrak ere birusaren eroale izan daitezkeela.

Gainera, elkarbizitzaren ikuspegitik ondorio ezkorrak izaten ari da herritarren eta langileen artean: txertatzea erabaki ez duten herritarrak estigmatizatu eta diskriminatu egiten ditu eta herritarren arteko arrakalak eragiten ditu, noiz eta pandemiari aurre egiteko herritarron arteko batasuna eta elkartasuna beharrezkoak ditugunean. Eta ikuspegi laboraletik, nahikoa justifikazio sanitariorik ez duen kontrol neurri bat aplikatzera behartzen ditu milaka eta milaka langile.

Dena dela, LAB sindikatua Covid ziurtagiriarekin kritikoa bada ere, ez du bat egiten neurri horren kontra emandako zenbait erreakziorekin eta, zehazkiago, neoliberalismoak eragindako indibidualismoan sakonduz, norbanakoen “askatasuna” zaintza kolektiboaren gainetik jartzen duen diskurtsoarekin; eskuin muturrak baliatu nahi duen diskurtsoa, hain zuzen ere.

Edozein kasutan ere, Covid ziurtagirian fokua jartzeak kudeaketa instituzionalaren gabeziak estaltzeko helburua du; erantzunkizuna berriro ere herritarrengan jarrita, Gobernuen kudeaketa okerra ezkutatzeko.

Izan ere, pandemia hasi eta bi urtera, herritarren osasuna hobetzeko, osasun sistema publikoa indartzeko eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko sakoneko neurriak hartzeari uko egin dio Nafarroako Gobernuak. Lehen arretako osasun sarea oinarrizko baliabiderik gabe ari da lanean. Osasun sistema pribatua negozioa egiten jarraitzen du, osasun sistema publikoa kolapsatzen den bitartean. Pandemiari aurre egiteko txertoak nahiz sendagaiak ekoiztu eta banatzeko prozesua multinazionalen eskuetan utzi da. Adinetako egoitzetan, langileek grebara jo behar izan dute, lanaren eta zerbitzuaren baldintzak hobetuko dituen Nafarroako hitzarmen propioa aldarrikatuz. Eta konfinatutako haurrak dituzten txertatutako herritarrei lanera ez joateko baimena ukatu egiten zaie.

LABen iritziz, pandemiari begirako politika publikoak berehala zuzendu beharra dago. Eta honako neurri hauek hartzea eskatzen du:
1. Covid pasaportea bertan behera utzi. Botere publikoek txertaketaren aldeko mezu pedagogikoa igorri beharko lukete, jarrera zigortzaile oro baztertuz.

2. Konfinatutako seme-alabak dituzten langile guztientzako lan baimena ezarri, zaintzaren ikuspegitik ez ezik hirugarren baten kutsatze arriskua eragozteko. Nafarroako Gobernuko langileek badute aukera hori eta sektore guztietako langileentzat zabaldu beharko litzateke.

3. Kutsatze tasa murrizteko prebentzio neurriak eraginkorrak hartu.
Doako PCRak, CO2 neurgailuak, aforoen arauketa edota detektatze goiztiarrerako osasun protokolo eta baliabideen hobekuntza.
Ikuspegi prebentiboz herritarron osasuna sustatzeko neurriak hartu, besteak beste, elikadura, kirola eta arlo sikosozialari dagokionean.
Lantokietan lan osasuna lehentasuntzat hartu. Mutuak alboratu eta prebentzio sistema publikoa ezarri. Beharrezkotzat jotzen den lan jardueretan, doako PCRak jarri txertatu nahiz txertatu gabeko langileentzat, lan ordutegiaren barruan.
Garraio publikoa hobetu eta areagotu, masifikazioak ekidinez.

4. Osasun eta zaintza sistema publikoa indartu.
Lehen mailako arretan ratioak jaitsi, baliabideak areagotu eta enplegua egonkortu.
Covid kasu larriei aurre egiteko baliabideak areagotu (ZIUak, larrialdiak…).
Osasun baliabide pribatuak (txertoen ekoizpena eta banaketa barne) publifikatu, gutxi batzuen etekinei begira baino herritar guztien osasunari begira egon daitezen.
Zaintza sistema publiko komunitarioa eratu. Adineko egoitza eta bestelako gizarte zerbitzuak publifikatu, ratioak jaitsi, lan baldintzak hobetu eta eredu bizigarriagoa eraiki. Adineko egoitzetako Nafarroako lan hitzarmena ezarri.

5. Pandemiak langile jendearen artean eragindako ondorio ekonomikoei aurre egin.
Enpleguaren defentsa, oinarrizko errenta duina, etxegabetzeen debekua, energiaren merkatzea…
Oinarrizko lanetan ari diren emakumeekiko dagoen zor patriarkala aitortu eta euren lan-baldintzak hobetu.

Gehiago