Larragan izandako eraso faxistak salatzeko eta garbitzeko auzolana deitu dute biharko
Trafiko seinaleak, hainbat etxe edota euskal kultura edo identitate sinboloak eraso dituzte faxistek azken asteetan, eta honen aurrean auzolana deitu dute larunbatean, goizeko 9.00etan, pintaketa garbitzeko eta eragindako kalteak konpontzeko.
2022-ko urtarrilak 7
Azkenandi honetan Larragan eta inguruko herrietan sinbologia, testu, euskararekin edo euskal kulturarekin zerikusia duen edozeren aurka eraso faxistak izan dira. Esate baterako, hainbat trafiko seinale eraso dituzte euskaraz zituzten izenak margotuz, Urniako iturriaren lauburua hautsi dute… Baina larriena da jende partikularraren etxe batzuk eraso dituztela. Euskaltzale eta abertzale etxeak, hain zuzen ere. “Hau onartezina da” dio Larragako Gazte Asanbladak ohar labur batean. Ohar berean adierazi dute “ustelkeria honekin amaitzeko ekintzak hasiko” direla, eta larunbatean bertan auzolan bat eginen dute pintaketa hauek garbitzeko eta beharrezko konponketak egiteko. Larragako Foruen Plazan egin dute hitzordua, goizeko 9.00etan.