Gure Eskuk erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko dei egin die instituzioei eta eragile politikoei
Euskal herritarron etorkizuna erabakitzeko "prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra" aldarrikatu zuten pasa den larunbatean erreferentziazko 100 lagunek Arantzazun.
2021-ko abenduak 20
Euskal Herri osoko erreferentziazko 100 lagunek herri adierazpen bat egin zuten larunbatean Arantzazuko Gandiaga Topagunean, Oñatin. Gure Eskuk sustatu du ekimena, eta Josu Etxaburu bozeramaileak adierazi zuenez, “Euskal Herriko gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen pertsonengana” jo dute, haien bidez herritarron borondatea edo herri-gogoa ikustarazi asmoz. Erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko, gizarteko alor guztietatik bultza egiteko dei egin du Etxaburuk: “eskubideak ekinez lortzen dira”.
Adierazpenarekin bat egin dutenen artean daude, esaterako, Juan Jose Ibarretxe, Laura Mintegi, Garbiñe Aranburu, Unai Oñederra, Rafa Diez Usabiaga, Nekane Balluerka, Iñaki Goirizelaia, Sagrario Aleman, Eguzki Urteaga, Pilar Kaltzada, Andoni Aizpuru, Ramon Zallo, Nekane Alzelai, Kiko Caballero, Garbiñe Biurrun, Tarana Karim, Naia Torrealdai, Olatz Salvador, Ximun Fuch eta Jon Maya Sein.
Pilar Kaltzada eta Andoni Aizpuru kazetariek irakurri zuten adierazpena. Euskal herritarrok “gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa eta autogobernu maila, eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea” dugula adierazi zuten: “Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Honenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak”. “Herriari hitza emateko garaia” dela esan zuten, “edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa”.
Burujabetzarako prozesu bat abiatzea
Gure Esku erabakitzeko prozesu bat abiatzeko oinarriak jartzen ari da. Euskal Herri osoko hainbat alorretako eragileekin elkarlanean, Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketa abian dauka abenduaren 31ra arte (www.hamaikagara.eus). Burujabetzarako bidean herritarron inplikazioa bilatzen eta erabakitzeko tresnak eskatzen ari da, eta norabide horretan kokatu du Arantzazuko Adierazpena ere: erreferentziazko 100 lagunek “prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra” aldarrikatu dute, eta euren konpromisoa erakutsi.