20.000€ko isunak eta 35 pertsona isunduak eta auzipetuak Aroztegiaren aurkako ekimen baketsuetan parte hartzeagatik

Aroztak herri ekimenak jakitera eman duenez, osotara 10 pertsona auzipetu dituzte, eta beste 25 ekintzaile eta kazetariak (Ahotsa.info eta Ekinklik-eko kamarak) isundu dituzte Aroztegiaren aurka egindako mobilizazioetan parte hartzeagatik edota hauek grabatzeagatik. Osotara, 20.000€ eskatzen dituzte isun eta kalte ordainetan.

2021-ko ekainak 18

Manifestazio arrakastatsuaren biharamunean, Aroztegiko proiektuaren kontrako 10 ekintzaileen inputazioaren berri izan genuen. Ondoko asteetan bertze 25 lagunek jaso zituzten isun administratiboak. Guztira 20.000 euro eskatzen dizkigute isun eta kalte ordainetan.

Horrez gain, gure lurra etengabe erasotzen eta herri lurrak herriari kentzen dabiltzan horiek, kalte material eta psikologikoak eragitea leporatzen digute. Jokabide hau ez da berria eta ez gaitu harritzen, Palacio de Arozteguia S.L bezalako espekulatzaileen zein beren zerbitzura dauden instituzioen errepresio mota guztiak ezagutzen baititugu. Mundu zabalean lurra eta jatorrizko herrien aldeko ekintzaileek pairatzen duten errepresioaren bertze adibide bat bertzerik ez da gurea. Gurean, zehazki, errepresio ekonomikoan gauzatu dute honetakoan. “Garai berriak” deitzen dituzten hauetan modu zaharrak dira nagusi.

Bortxaz eta inposizioz gure herria eta kultura desagerrarazi nahi duten horiek, indarkeria erabiltzea leporatzen digute. Zer da indarkeria? Lurra defenditzea edo herriko nekazariei beren lurrak ebastea? Edo 400 urteko haritzak moztea? Edo herriak eta kulturak suntsitzea? Edo metrailetak eskuetan dituzten Guardia Zibilekin herria okupatzea?
Kanpaina errepresibo honekin gezur borobilez beteriko kontakizuna zabaldu nahi badute ere, ez dute lortuko. Isun eta salaketa masibo hau izen abizen zehatz batzuekin lotu nahi baldin badute ere, guk argi dugu herri oso baten kontrako erasoa dela. Beraz, gaurko zein etorkizuneko erantzuna berekoa izanen da. Herri gisa erasotzen gaituztenean, herri gisa erantzunen dugu.

Segituko dugu beraz helburua dugun Aroztegiko proiektu espekulatzailea gelditzeko lanetan. Ez gaituzte isilduko eta ez gaituzte geldiaraziko.

Gehiago