Errepresioaren gainetik, Baztango etorkizunaren alde eta Aroztegiaren aurka lanean jarraituko dutela dio Aroztak
Aroztegia proiektu turistikoaren aurkako Aroztak ekimenak ohar bat kaleratu du maiatzaren 15an Baztanen egin zen manifestazioaren arrakasta azpimarratzeko eta hainbat ekintzaileen aurkako abian jarri den jazarpen judiziala deitoratzeko. Osotara, 10 lagun salatu dituzte Aroztegiako lanak egiten ari zirenean bertan egin zen kanpaldian parte hartzeagatik.
2021-ko maiatzak 26
Maiatzaren 15ean egindako manifestazioaren arrakastak “Aroztegiaren aurkako borrokaren zilegitasuna eta indarra berresten” duela dio Aroztak. Baztanen inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan zela gogoratzen dute, 2.500tik gora lagunek parte hartu zutelarik. “Nabarmen gelditu da, berriz ere, herri honek ez duela proiektu hau gauzatzea nahi eta prest dagoela hau gelditzeko lanean segitzeko” dio Aroztak.
Aroztegia proiektua gelditzeko herri mobilizazioa funtsezkoa dela dio Aroztak, eta manifestazio horren parte hartzea ikusita, “herria mintzatu” dela eta “gobernuari dagokio herritarren nahia betetzea” ondorioztatzen dute.
“Zoritxarrez enpresaren zein gobernuaren joera inposatzaileari jarraikiz, erantzuna berriz ere jazarpen judiziala eta poliziala izan da”, kexu agertu dira manifestazioaren biharamunean Aroztegiko egitasmoaren aurka lanean aritutako 10 kide polizia etxean deklaratzera deituak izan eta gero. “Bertze gauzen artean gure ingurua xehatu, herri lurrak zein bertako nekazarien lurrak bereganatu eta gure bizimodua suntsitu nahi duten horiei, kalte psikologikoak eragin zaizkiela leporatuz”.
Aroztak ekimenaren hitzetan, “gezurrez betetako” txosten polizial bat osatu dute Aroztegiaren aurkako borroka kriminalizatzeko, baina lanean jarraitzeko konpromezuan berresten direla ere adierazi dute. “Errepresioarekin gibelerat pausua eman behar genuela uste zuten horiei jakinarazi nahi diegu gure borrokarekin segituko dugula, Aroztegiko UGEPa bertan behera gelditu arte”.
Hurrengo asteetan Euskal Herrian barna Aroztegiaren aurkako borrokaren berri emanen dutela jakinarazi dute.