Lekarozek Aroztegia proiektua inposatu egin dela dio eta poliziaren jazarpena salatu du

Azken bi asteetan egindako lanen ondorioz hamarnaka arbola bota dituztela ohartarazi du Lekarozko Alkatetzak, eta horien artean ehunka urte zituzten haritzak.

2021-ko apirilak 20

Lekarozko alkatetza taldetik ohar honen bidez gure herrian hondar asteetan gertatzen ari dena salatu nahi dugu.

Herriaren borondatea errespetatu gabe, Aroztegiko egitasmo urbanistikoa inposatu zaigu, eta orain, inposizio horri, poliziaren etengabeko presentzia eta jazarpena gehitu behar zaizkio, gure herritik libre ibiltzeko aukerarik gabe.

Orain pare bat aste hasi ziren Aroztegiko lanekin, horrelakorik egiteko behar diren baimen guziak eduki ez arren, izan ere, 2019ko uztailaren 23an Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak bertan beheiti utzi zuen lanak esleitzeko prozedura. Hala ere, aipatu sententziari jaramonik egin gabe, lanekin hasi dira eta hamarnaka arbola bota dituzte dagoeneko, bertzeak bertze, ehunka urte zituzten haritzak. Horrekin batera, edota horrelako suntsipenak altxapean egin ahal izateko, inguruko bide publiko guziak itxi dituzte, herritarrei pasoa galaraziz.

Bertzetik, irekita dauden bideetan, baita herrian barna eta herriko plazan bertan ere, ohikoa bilakatu da poliziaren presentzia, herritarrak han eta hemen identifikatuz eta mehatxatuz.

Hori dela eta, Lekarozko alkatetza taldetik poliziaren presentzia itogarria zein herritarrak jasaten ari diren jazarpena salatu nahi ditugu eta, bide batez, gure elkartasuna helarazi gure herriko bazterrak defendatzeagatik nolabaiteko jazarpena jaso ahal izan duen pertsona orori.

Gehiago