Zubietatik Larrunera, herri mugidak hazi
Joan den irailaren 21etik 23ra, Lurralde Askea elkarteak iraultza txikien kanpaldia antolatu zuen Gipuzkoako Zubieta herrian. Euskal Herriko herrigintza zeharkatzen duten zenbait gogo eta kezka aztertzeko aukera izan da, giro atsegin eta inklusiboan, kolektiboetan dabiltzan jendeen topalekua bilakatuz.
Joseba Alvarez Forcada, Hartzea Lopez Arana, Ekaitza Adin Irastorza Aman Komunak sareko kideak
2018-ko urriak 5
Hiru eguneko hitzordu horrek interesa piztu eta perspektiba batzuk ireki ditu. Bizipen, ahultasun eta
gaitasunak aipatu dira, baita helburu, prozesu eta pertsonen arteko orekak, kanpoko esperientziak
eta beste hainbat gai. Parte hartze zuzena segurtatzeari dagokionez, feminismoak landu balore eta
praktikak finkatu dira solasaldietan : elkarzaintza eta entzuketa bermatu, zapalduenei leku
onuragarria eman edo gozamenean konspiratu. Kultura militante eraberrituen eskaerari erantzun
nahian, horizontaltasunari leku aparta emana izan zaio eta aniztasuna oinarri gisa hartu da. Aspektu
guzti hauek gure borroken historia hurbilean bazterrean gelditu direla oharturik, ezinbestekotzat
jotzen da, orain, metodologia horiek erabiltzea.
Asteburu honek utzi beste aztarnen artean, hau nabarmen daiteke: elkar ezagutzeko eta aurrera
jotzeko joerak azalarazten ari direla. Esparru desberdinetan inplikatuak gaudenen artean, trantsizio
garaiak bizi ditugula sendi dugu eta etorkizunera begira, bateratzeko espazioak eraiki behar direla
gero eta argiago ari da sentitzen. Potentzialak handiak dira, eta dinamika sendoagoak eroso
bultzatzeko erreferente komunak adostea izango da hurrengo pausoetarik bat, ahalduntze honek
ekarriko dituen galdera, kokapen eta erabakiei denbora eta babesa eskainiz.
Kontuak kontu, herri mugidak benetako aktoreak bilaka daitezen asko dago oraindik egiteko, baina
puzzle barreiatuaren piezak hasten ari dira lotzen.
Aman Komunak sarearen baitan ere, sentimendu eta egoera horiek partekatzen hasiak gara.
Bilkuretan eta auzolanetan, pragmatikoak eta idealistak, gazteak eta adinekoak, euskaldunak eta
erdaldunak, abertzaleak eta anarkistak gurutzatzen dira, elkartasunak paretak mugi ditzakeela
konturaturik. Iniziatiba berriek orok dakartzaten energiez blaiturik, asanbladak kudeatzen, epe luzeko
kanpainak irudikatzen, argudioak publikoki esplikatzen ikasten gabiltza, definitzeko eta egituratzeko
eskas ditugun euskarriak elkarrengandik harturik. Bideari ematen ari zaio garrantzia, momentuz
analisi sakonetan erori gabe, konplizitatean aritzeak gorpuztuko gaituela segur izanik. Kasu guzietan,
ez gara inoren abangoardia izateko sortu, herrigintza eta autogestioa beste askorekin batera
azkartuko dituen elementu aktiboa bilakatzeko baizik.
Xede hauek akuilatzeko, datorren urteko agorril bukaeran Miarritzen eginen duten G7 gailurrari
begira jarri gara jada. Eredu kapitalistaren defendatzaileen aurrean, herri mugimenduen
erresistentziak eta alternatibak plazaratzeko unea izanen da, jendeen, naturaren eta herrien izaera
eta eskubideen alde. Agian, batasunean eta berezitasunean antolatuko diren protestak zedarria
izanen dira biharko indar ezkertiarren birkonposatzeko eta aliantzak mahai-gaineratzeko.
Horretarako, gauden guztien artean kohesiora jo behar dugu, begirunez eta xilkokeriarik gabe.
Bestalde, Zubietan erraustegiari ezetz erraten diote. Ez dira bakarrak. Nafarroa hegoaldean AHTri,
Iruñean eta beste tokietan gune askeen kontrako erasoei, errefuxiatuekin elkartasuna trinkotzen ari
da, espezismoa gaitzesten, ikasleak antolatzen, eta abar luzea. Soro askotan lurra iraultzen ari da,
belaunaldi gazteenen ufada eta ilusioekin, etorkizuneko intsumisioen ereiteko.
Mezu bera eramanen dugu datorren urriaren 13 eta 14an Larrunen egin asmo duten proiektu
turistikoaren kontra prestatu dugun kanpaldiarekin. Han ere ageriko da jendarte osorako ekartzen
dugun egitasmo libre eta irekia : naturaren kaltetan den lurraren salketa politika ez dugu onartzen,
etekinen mende ez den jendarte batean bizi nahi dugu, hesien ordez zubiak eraikitzen dituen mundu
batean.
Zatozte gurekin Larrun gaineko geltokira, bizkar zakuan ekarri anoa eta ideiak ugari, urteetako bidaia
elkarrekin egiteko abiatuak baikara.
Lurra eta askatasuna !