Zergatik ospatuko dugu Aberri Eguna Uztaritz eta Gernikan?

Zenbait urteren buruan, berriz ere, hainbat eragile sozialek bat egiten dutelako Gernika eta Uztarritzeko deialdietan.

Txema Landa, Mikel Ezkerro eta Patxi Azparren. Euskariako kideak.

2017-ko apirilak 4

Prozesu partehartzaile eta demokratiko baten bermea herritarrok garelako. Herritar aktiboak herri mugimenduen bidez ere ekarpena egiten dugularik, milaka eta milaka herrikideon lan-boluntarioa ezinbestekoa da. 

Indar soberanista eta independentisten arteko estrategia bateratua bideragarria da eta. Hau da, alderdi, sindikatu, eragile sozialen artekoa, zein gero eta aktiboagoa den euskal diasporarena. 

Garai historiko berri baten aitzinean baikaude, aukeraz beterikoa. Besteak beste, Catalunyako prozesuak Estatu espainiarraren duzeseztapena bizkor dezake, herrien espetxea den Estatua, alegia. 

Aurreko fase historikoan egituratu ginen elkarteok garai politiko berriarekin batera jaiotako taldeekiko elkarlana bultzatu behar dugulako. 

Une politiko honetan hiru deialdi esanguratsu babestu nahi ditugulako. Hala nola: 2017ko Aberri Eguna Gernikakoa (Gernika Batzordeak eta Independentistak antolatua) eta Utzaritzekoa (herrikide talde batek antolatutakoa); Gure Esku Dagok antolatutako herri-galdeketak. 

Independentiston eta soberaniston indar metaketak baino ez du lortuko Euskal Herri askea, burujabea eta errepublika gisa antolatua. Justiziak eta pertsona guztien eskubideen bermeak Euskal Herri berria eraikiko dute. Herri bat, non denok mugarik gabe eta aske gure etorkizuna erabakiko dugun. 

Hau guztia dela eta, Gernikako eta Uztaritzeko Aberri Eguna ospatzeaz gain, aipatutako hiru taldeei gure burua elkarlanerako eskaintzen diegu. Bideratuta dauden eta egiteke dauden egitasmoak bultzatzen laguntzeko. 

Baionan apirilaren 8ko manifestazioaren deialdiarekin bat egiten dugularik, biziki estimatzen dugu Bakerako Artisauek egindako ekarpena. Baionako hitzordu garrantzitsuak beste une historiko bat ahalbideratzen lagunduko du. Bertan, berriz ere, jendarte zibilaren indarra erakusgai jarriko da.

Gehiago