Zer da “zerrenda bakarra” ren kontu hori?

Hitzetik hortzera dabil Nafarroako Gobernuak Hezkuntzan deitu nahi duen oposaketaldia (Lan Eskaintza Publikoa). Liskarren sorburu izan da deialdi honek eskainiko lituzkeen plaza kopurua eta, batez ere, "zerrenda bakarra"ren afera. Baina zer demontre da bada "zerrenda bakarra" ren kontu hori? Errepara diezaiogun nik neuk oposaketaldian bizitakoari:

Eneko Yurramendi Aleman, Matematikako irakaslea Nafarroa Garaian.

2016-ko urtarrilak 28

Hezkuntza beharrak eta plantila finkoan zeuden hutsuneak asebetetzeko
asmoz Bigarren Hezkuntzan LEP bat deitu zuen Nafarroako Gobernuak
2010ean, 565 plaza eskainiz, hauetarik 80 matematikako irakasleei
zuzenduak. Nik matematikako irakasle izan nahi nuen eta LEP honetan
izena eman nuen.

LEParen oinarrietan zehaztuak ziren ikasi beharreko 71 gaiak, baita
entregatu beharreko lanek eta aurretik egiaztatu zitezkeen
lan-esperientziek izanen zuten pisua ere. Murcian, Melillan edo Madriden
aurkeztu izan banintz 71 gai horiexek prestatu behar izanen nituen; gai
berberak ziren eta dira Espainiako Estatu guztian, ederki zehaztuak
baitaude BOEan argitaraturiko Errege Dekretu batean. Emaitza ona
eskuratu nuen, azken sailkapenean hirugarren onena hain zuzen ere. Baina
plazak hautatzerakoan, 20 aukera besterik ez nituen, gainontzeko 60
plazetakoren bat eskuratzeko ez bainuen aukerarik. Zergatik? Bada,
matematika eta gaztelania ezagutzak izateaz gain, euskara ere
banekielako, EGAren jabe ere banintzelako.

Sistema baztertzaile honek “Siouxen erreserba” diren D ereduko
institutuetara mugatzen zituen irakasle elebidunak ginenon irakaskuntza
aukerak. “Larru-azal gorriko” irakasleak “larru-azal gorriko”
ikasleentzat. Modu honetan irakasle elebakarrak “West Point”eko
soldaduen seme alaben irakasle izateko esklusibitatearekin sarituak izan
ziren, eta dira gaur gaurkoz. Hausnartzeko: Nafarroako “West Point”eko
buruzagiek (UPN, AFAPNA, PSN, UGT, CCOO, …) ez al diote garrantzirik
ematen haien seme alaben matematika irakaslea matematikan ona izateari?
Erantzuna EZ da. Matematikako irakaslea “zuria” izatea nahi dute.

Konparaketak gehiegikeria bat dirudi. Baina benetako gehiegikeria gaur
egun pairatzen dugun hizkuntza diskriminazioa da. Nafarroa da,
espezialitate bakoitzeko kontrataziorako bi zerrenda bereiztuekin lan
egiten duen Erkidego bakarra (Mate-vascuence vs Mate-castellano).
Galizan, Catalunyan, Euskadiko Erkidego Autonomoan, Valencian, Illes
Balearsetan… espezialitate bakoitzeko kontratazio zerrenda
bakarrarekin egiten dute lan, legezkoa eta zentzuzkoa denez.

Gauza jakina da Nafarroako hegoaldeko institutuetan Zaragozako,
Errioxako, Soriako … irakasleak ditugula lanean. Erabat normala da
hori. Langile orok du eskubidea, aukera duen edonon, lanpostu duin bat
lortzeko; etxetik hurbil bada gainera, hobe. Baina era berean jakina da
ere, Nafarroako iparraldeko institutuetan Arabako, Bizkaiko eta
Gipuzkoako irakasleak ari direla lanean… eta hori onargaitza da. Gure
Nafarroa maitea inbaditzen ari dira, guri lanpostuak ebasten, euskara
madarikatu hori… Erne! Siouxak gainean ditugu!

Arazoa ez da “zerrenda bakarra”, are gutxiago lanpostuak ebastera
datozen horiek. Benetan West-Pointen gotortuak daudenek jasan ezin
dutena zera da: Nafarroan gero eta Sioux gehiago garela, eta erreserbaz
kanpo ere lan egiteko eskubidea dugula.

Baina West-Pointeko mentalitate kastrense zaharkituak hondamendira
eramango ditu, Little Bighorneko batailan bezala. Siouxen eta Custer
Generalak buru zuen 7. Zaldundegiaren arteko liskar hartan, bizirik
ateratako bakarra izan zuten: “Komantxe” izeneko zaldi bat hain zuzen
ere (gaur egun oraindik erakusgai dute Kansaseko Historia Naturaleko
Unibertsitatean zaldi horren gorpu disekatua).
Hainbat historialarik idatzi izan dute Custerren soldaduak erabat
hordituak zirela erasoaldia lehertu zenean, ez ziren beraz kontziente
benetan haien inguruan gertatzen ari zenaz…

Egia borobila da, azkenean, Siouxak ia desagerrarazi zituztela haien
sorterri eta amalurretik; baina, hori ez ote da izanen gure West
Pointeko soldaduek Nafarroarako duten azken helburua?

Gehiago