Sindikalismoaz, autonomiaz eta etxebizitza sindikalismoaz
Endika Perez eta Iratxe Delgado
LABeko Ekintza Sozialeko kideak
2026-ko azaroak 27
Azaroaren 11n Hego Euskal Herrian egindako greba orokor arrakastatsuaren ondoren, egokia iruditzen zaigu deialdi horren eraikuntzaren azaleratu diren bi eztabaidari buruzko gogoeta batzuk mahaigaineratzea.
Lehena: sindikalismo tradizionala eta azpisistema
Grebak agerian utzi du Euskal Herriko errealitate sozial berezitua. Azaroaren 11koa 14 urtean Espainiako Estatuan egin den lehen greba orokorra da, eta Hego Euskal Herrian azken sei urteetan egin den bosgarrena. Bigarren deialdia da aurtengo urtean, eta, argi eta garbi, deialdiaren arrakastaren arrazoia euskal langile klasea bera da, haren antolakuntza maila eta Euskal Herrian dagoen antolakuntza ekosistema sindikal indartsua, bizi dugun bizitegi larrialdiarekin batera, noski.
Euskal Herrian, eraldaketa soziala aspirazio subiranisten eta independentisten eskutik dator. Premisa horri jarraikiz hartu du forma kontraboterezko sindikalismoak. Eztanda sozialak, protestak eta mobilizazio zikloak askapen nazionalaren aldeko prozesutik elikatzen dira, eta alderantziz. Hainbat hamarkadatako klase borroka nazionalak su iraunkor bati eutsi diote, eta, su horrek ahalbidetu du gure agenda propioaren barruan pizten diren txinpartek edo kanpotik datozenek gurean lur hartzea. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian eraldaketa eta aurrerapen handiagoak bultzatu daitezkeelako pertzepzio soziala dugun antolakuntza ekosistemaren emaitza da, eta azken grebaren inpaktua eta jarraipena ere horren isla argia dira.
Estatuko sindikalismoarekiko ere ezberdina da geure eredua. Pello Igeregik berriki zioen estatuko deialdiarekin bat egiteak mendeko sistema bat sortzen duela. ELAren kontraesanetan sartu gabe (2013an greba estatukoaren egun berean deitzearen alde egin zuen), gu ez gaude ados, ez orain arte azaldutakoagatik, ez beste bi elementu nagusirengatik. Lehena da agenda, interpelazioa eta, azken finean, klase borrokaren esparru autonomo baten defentsa ezin dela mugatu beste egun bat ezartzera, eta, aitzitik, deialdia berezko edukiz eta logikaz betetzea dela gakoa. Ekintza zehatzetara etorrita, grebarako arrazoiez aritzean logika eta diskurtso propioetatik abiatzea eta hori askapen nazionaleko prozesuarekin lotzeak lagundu egiten dio marko propioaren eraikuntzari, eta ez hainbeste deialdi berezitu bat egiteak; are, greba orokorrerako deialdiaren atzean Madrilen izandako etxegabetze baten eragina dagoenean, zeinak azkartu egin baitu nagusiki Bartzelonan eta Madrilen ardaztutako herri antolaketa prozesua.
Kontua da bermatzea Euskal Herrian garatzen diren dinamikek gure lurraldearen berezko errealitateari erantzungo diotela, bere identitatea, subjektuak eta prozesuak aitortuko dituztela eta hemen erabakiko direla. Etxebizitzaren grebaren kasuan, zintzoak izan behar dugu. Etxebizitza duinaren aldeko borroka gero eta leku handiagoa hartzen ari zen aldarrikapen sindikal eta sozialetan, baita Euskal Herrian ere, baina ez dira gure herriko subjektuak izan greba orokorrerako markoa eta baldintzak sortu dituztenak. Maizterren Sindikatuen Konfederazioko jendeak gidatutako lan militante, zintzo eta oinarrizkoa izan da horretara eraman gaituena.
Kasu honetan, erronka izan da aukera baliatzea etxebizitzarako eskubide bermatua agendan bete-betean sartzeko eta aldaketa politiko eta sozialaren alde borrokatzeko. Hortik abiatuta egin du lan LABek.
Deialdiaren arrakastaren gakoa aliantza eta eta prozesu solidoak artikulatzeko eta interes eta estrategia ezberdinak uztartzeko gaitasunean datza. Ildo horretan, guk uste dugu klase sindikatuek sindikalismoa tresna baliagarri gisa defendatu behar dutela eta deialdietan beraien paper zentrala bete behar dutela, baina, aldi berean, gai izan behar dutela lidergoa partekatzeko eta beraien egitura eta gaitasuna prozesuaren antolaketaren mesedetan jartzeko, baita aldarrikapenak jendearen masa zabaletara iritsiko direla bermatzeko ere.
Zoritxarrez, deialdi honen ezaugarriak bestelakoak izan dira, bai denbora kontuengatik, borroka-prozesu zehatz baten ondorio izan den heinean —etxegabetze batek kanpaldi bat ekarri zuen, eta horrek greba orokorra, hauteskundeen aurrerapenaren testuinguruan—, bai Euskal Herriko subjektu batzuek beren helburu partikularrak eta lidergo baztertzaileak lehenetsi dituztelako.
Bigarren hausnarketari heldu baino lehen, beste elementu bat gehitu nahi diogu eztabaidari: ea ardatz nagusiak kontraboterezko espazio autonomo bat eratzeak izan behar duen, zeinak kontrajarri egingo dituen arlo soziala eta instituzionala; edo, ostera, klase moduan kapitalari aurre egitea lehenetsiko den. Gure ustez, aipaturiko ardatzetako lehenengoak berekin dakar esparru instituzionalean klase borrokari uko egitea eta espazio hori kapitalari oparitzea —haren neurrira eraikita dagoela jakinda ere—, patronalari eta bere gobernuei. Zehatzagora etorrita, horrek egungo koiunturan espazio hori eskuin muturrari oparitzea esan nahi du. Gainera, kasu askotan instituzioak eta alderdiak interpelatzean, tabula rasa egiten da, brotxa lodia erabiltzen da, zeinak, errealitatearekin zintzoa ez izateaz gain, antipolitika eta desesperantza elikatzen dituen. Zilegi da errealitateari hesiaren kanpoaldetik eta eskuak zikindu gabe begiratzea eta ezkerraren kontraboterea izatea. Dena den, sarritan ikusten dugu ustezko autonomiaren jantziarekin egiten den kritika horrek ezkutatzen duena ekidistantzia dela, edo eragiteko, baldintzatzeko eta lorpen propioak izateko ahulezia. Kontrara, disputa kapitalarekin eta status quo-rekin egiten bada eta klase posiziotik egiten bada, gatazka kalera, lanera eta instituzioen esparrura eraman behar da. Dialektika horrek baditu bere mugak, kontraesanak eta zailtasunak, noski, baina posible den horren esparrua zabaltzeko eta klase gisa urrunago joatea ere ahalbidetzen du.
Edonola ere, klase-independentziaren edota autonomia sindikalaren premisa estrategikoa da zentzu guztietan. LABen urteak daramatzagu gure proiektu sindikala eraikitzen inongo patronalen, alderdi sistemikoren edo instituzioren laguntzarik gabe. Guretzako autonomia garrantzitsua da, bai, baina autonomia ez dugu ulertzen norbere baitan iltzatutako eta aldaketa politiko eta sozialetatik bereizitako posizio gisa, baizik eta aliantzak norekin, nola eta zertarako eraiki nahi ditugun erabakitzeko gaitasun gisa.
Bigarrena. Etxebizitza sindikalismoa
Etxebizitza sindikalismoarena izan da zenbait zirkulutan azaleratu den beste eztabaida bat, zeinaren bueltan LABek errezeloekin edo, zuzenean, beto politikoekin topo egin duen: zer den, nork jorratzen duen eta zein den bere tokia, bai greba deialdi honetan, bai errentismoari eta espekulazioari kontra egiteko eta etxebizitza mugimendu sendo baten eraikuntzan aurrerapausoak emateko.
Begibistakoa da hainbat antolakunderen ikusmolde politiko eta estrategikoak daudela eztabaida honen atzean, eta eztabaida ezin dela horiengandik bereizi. Dena den, gure asmoa ez da lerro hauen bidez eztabaida horren hedadura osoari heltzea. Ekintza sindikaleko ildoarekin eta etxebizitza sindikalismoarekin loturiko puntuetan zentratuko gara.
Euskal Herrian etxebizitza sindikatu gisa ezagutzen ditugun horiei dagokienez, gaur egun bi ildo nagusi daude. Batetik, auzoetan errotutako proposamena dago, komunitate politikoa sortzeko asmoa duena, autonomiaz diharduena eta gure herriko herri mugimenduaren koordenada orokorretan jarduten duena. Komunitate politiko militante bat antolatu eta zabaltzeko zereginaz gain, lortzen du, asanbladen eta aholkularitza kolektiboaren bidez, langile klasearen geruza pobretuetara eta prekarizatuetara iristea, zeina, nagusiki, emakumeez eta/edo pertsona migratuez osatuta baitago. Proposamen horri aitortza egiten diogu, baina uste dugu klase boterearen eraikuntza eta etxebizitza eskubidearen bermea lortu nahi dituen sindikalismoaren potentzial estrategikoa beste koordenatu batzuen gainean garatu behar dela.
Ildo politiko hori “etxebizitza sindikatu” kontzeptu politikoaren pean sartu ohi da, “Mugimendu Sozialistaren” proposamenarekin batera, zeinak, esentzian, bere alderdiaren eraikuntzaren eta ideario politikoaren zabalpenaren menpe jartzen duen sindikalismoa. Zeregin hori beste guztia baino garrantzitsuagoa da, lehia ideologikoa lehenesten da eta horrek berdindu egiten du —edo azpiratu— etxebizitzarako eskubidearen bermea lortzea mugimenduaren beraren hazkundearekin.
Greba orokorra horren isla izan da. Askiezak diren erreformei etengabe kritika egitearen bidez grebak ekar litzakeen hobekuntza zehatz eta benetakoei (hain zuzen ere klase borrokak arlo horretan eginiko aurrerapenari esker eztabaidagai diren horiei) berariaz uko egiteak plano politiko ideologikora mugatzen du borroka. Hala, proposamen sindikalaren ardatza unean uneko aholkularitzan eta kaleratzeen aurkako autodefentsan ezartzen da, eta ekintza sindikalaren eta proiektu ideologikoaren arteko distantzia amildegi bihurtzen da. Gure ustez, klase posizioen aurrerapenaren neurria ideien eremura mugatzea akatsa da, eremu politikoari eta ekonomikoari ere erreparatu behar baitzaie. Bada, LABetik mahaigaineratu izan dugun bezala, greba orokor honen bueltan jokoan dauden neurri batzuk baliogarriak dira eremu horietan aurrera egiteko: prezioak jaistea, putre funtsak espropiatzea, errentistak eta espekulatzaileak saritzen dituen fiskalitatea aldatzea, eta abar.
Puntu hau garrantzitsua da greba orokorraren deialdian Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek bereganatu nahi izan duten protagonismo zentralari buruzko eztabaida zintzoa egiteko, azaltzeko nola artikulatzen den etxebizitzaren aldeko borroka zabal eta transbertsal bat, lortuko duena urrats sendoak egitea eta gaitasuna izango duena langile klase osoarentzako garaipen errealak lortzeko eta borroka horretan bakoitzari dagokion rola zein den zehazteko. Zoritxarrez, hausnarketa horretatik urrun, oraingoz lehian eta norbere interesetan oinarritutako irakurketak gailendu dira nagusiki, eta horren ondorio da, besteak beste, LAB sindikatua arlo honetan garatzen ari den lana eta ekarpena bazter uzteko saiakera.
LABen apustua da maizterren botere sindikala antolatzea klase boterearekin artikulatuta. Izan ere, etxebizitzaren auzia klase gatazka da zentzu askotan. Bada, klase subjektua berrosatzeko, giltzarriak dira honako faktore hauek: errentismoaren aurkako borroka horrek zeharkatzen duen subjektuak parte hartzea, lehen lerroan egotea eta protagonismoa izatea; oinarrizko sindikalismoa garatzearekin batera, politizatzea; eta eraldaketa integralerako egitura eta programa sindikala izango dituzten egituren kontsolidazioa, etxebizitzaren esparrua ere barne hartuko dutenak.
Gure lan-hipotesia da kontraboterezko sindikalismoak ahalbidetzen digula etxebizitza sindikalismoaren eskura jartzea urte luzetako borroketatik ateratako irakaspenak, botere sindikala eta esperientziak. Eredu sindikal hori garatzeko gakoa da, lehenik eta behin, gatazka zehatzetan pertsonen protagonismoa bermatzea, eta sindikalismoa ez mugatzea zerbitzua ematera. Aholkularitza kolektiboen alde egiten dugu apustu, gatazka bakoitzaren aurrean jorratu beharreko estrategia elkarrekin erabakitzearen alde eta ondoriorik lazgarrienei posible den neurrian aurrea hartzearen alde. Lan esparruarekin paralelismoa eginda, kaleratzeen edota Enplegu Erregulazioko Espedienteen aurka antolatzeaz beharrean, askoz ere lehenagotik sindikalismoa egiten hasteaz ari gara.
Bigarrenik, gure apustua gatazka kolektiboak sortzea da, eta horrek, nagusiki, etxebizitza blokeetako borroken edo atal sindikalen forma hartu izan du. Gaur-gaurkoz LABek Hego Euskal Herrian gatazka kolektibo dezente ditu etxebizitzaren esparruan. Gatazka zehatz horietan aurrera egiteak ahalbidetzen du espropiazioaz eta putre funtsak kanporatzeaz hitz egitea, dirua eta esku hartze publikoa zertarako erabiltzen diren auzitan jartzea, kontratuen luzapena bermatzea eta jendea bere etxean geratzea. Eta, hortik abiatuta, posizioa irabaztea. Horren adibide da Nafarroan babes ofizialeko etxebizitzei babesa blindatzen dien legea onartu izana (PPk Espainiako Konstituzio Auzitegian helegitea jarri diona), Ezkabako bizilagunak sindikatuarekin antolatu izanaren fruitu dena.
Hirugarren gakoa da eskubideetan aurrea egitea eta gure posizioa hobetzea ahalbidetuko duten estrategia sindikalak planteatzea. Lantokietako negoziazio kolektiboan garaipen partzialei ez zaie uko egiten; bada, gauza bera etxebizitzaren esparruan. Eskubideak eta bizi baldintza duinak bermatzeko beharrezkoa da zenbait gatazkatan esku hartzea; besteak beste, alokairu mugagabeak bermatzeko lege aldaketetan, kontratuz kontratu prezioak jaisteko borrokan eta babes ofizialeko etxebizitzen katalogazioa mantentzearen aldekoan. Halakoek, gainera, ahalduntzen eta koadro sindikalak sortzen laguntzen dute.
Gauzak horrela, umiltasunez baina orain arte eginiko bideak emandako ziurtasunak lagun, uste dugu LABen apustua gure lurraldean artikulatzen ari den etxebizitza mugimenduaren parte dela, badituela potentzialitatea eta indarra eta ez duela zentzurik hari betoa ezarri nahi izateak. Era berean, guk etxebizitza sindikalismoaz dugun hipotesia bat dator Maizterren Sindikatuen Konfederazioak duen ikuspegi estrategikoarekin. Haiekin elkarlanean egin dugu bide hau, eta haiei esker aberastu dugu gure ikuspegia. Argi dago ez dugula genealogia bera; gauza desberdinak gara, eta ez da gure asmoa kontrakoa adieraztea. Baina ziur gaude, elkar ulertuz eta koordinatuz, gai izango garela oinarrizko sindikalismoa, botere sindikala, maizterren boterea eta fronte guztietako borroka uztartuko dituen proposamena Euskal Herrian lurreratzeko, ezeri uko egin gabe eta dena aldatzeko xedez.
Errentismoaren eta espekulazioaren aurkako borroka globala da, baina errealitate konkretuetan hartzen du lur. Uste dugu iritsi dela unea horri buruzko analisi zintzoa eta partekatua egin, eta kooperazioan eta elkarlanean oinarrituriko errealitateak sortzeko. Modu horretan izango gara gai klase interesak eta gure nazioarenak norbere interes partikularren gainetik kokatzeko. Bada, beste hainbaten artean, behar-beharrezko ekarpena izango litzateke etxebizitza mugimendu zabal bat, bultza egiteko gaitasuna eta egitura sendoak izango dituena. Norabide horretan arraun egiten jarraitzen dugu.
