Ratioak igo nahi dituzue; benetan?

Joan zen ikasturtean zenbait mobilizazio burutu genituen haurtzaroaren alde, gure pedagogia lana duindu dadin aldarrikatzeko. Haur Eskolen ibilbide osoan zehar, kalera irteteko arrazoietako bat izan da beti ratio egokiak izatea, haurrek merezi bezalako bidelagunak izan gaitezen. Eta orain, igo nahi dituzue?

IZARTEGI Haur Eskolako langileak

2023-ko urtarrilak 24

Ilusioarekin eta prestasunarekin gatoz, gure esku dagoen guztia egiteko gogotsu gaude, onena eskaintzeko gizartean handiena diren gure haurrei. Hau guztia gauza dadin, gure eguneroko jarduna humanizatuko duten baliabideen premia daukagu. Dagoeneko jasanezinak eta, are, arriskutsuak diren ratioak murriztu behar dira, aurrera eraman nahi badugu behintzat egitasmo atsegin eta kalitatezko bat.

Garrantzitsuena den horretan inbertitzea da kontua, gure gizarteko altxorra diren horretan, guztiaren abiapuntuan.
Dena hasten da adin hauetan. Hamaika ikerketek aditzera ematen dute gizakiaren ongizate guztiaren oinarria jaiotzatik hiru urteak bitarteko tartean hasten dela.

Gure esku dagoen ardura erraldoia da, baina ezin du ardura horrek soilik guregain egon, haurrak egunero akonpainatzen ditugunongan. Klase politikoak inposatzen duen errealitateak baldintzatuta dago erabat gure lana.
Fikziozko hodei batetik hartzen dituzue zuek erabakiak, gure eguneroko errealitatetik erabat deskonektaturik; zuen ideiak ez datoz bat inolaz ere haurren beharrizanekin. Gure lana zaildu beharrean erraztuko duen markoa zehazterakoan gu kontuan hartzea nahi genuke.

Profesionalak garen heinean prestakuntza jarraituan ari gara, berrikuntzan etengabe. Honek motibatu egiten gaitu, baina gero aurrera egiten uzten ez digun horma frustragarri batekin egiten dugu topo. Egoera honek egonezina sortzen digu eta kasu askotan baja hartzera jo behar izaten dugu, gure emozio, gorputz eta buru osasunean eragiten baitu honek guztiak.

Jar zaitezte une batez izan zineten haur haren larruan: zein eskola klasetan nahi zenuketen egon?

Ratioak igotzeko proposamena bertan behera utzi eta zentzuz ariko zaretela espero dugu; kontrakoa behar baitugu: eskola humanizatzea.

Gehiago