PSOE-ren bidez, euskarafobia nagusi Nafarroako Gobernuan

Administrazioan Euskaraz Taldea

2026-ko maiatzak 11

PSOE bere kabuz dabil Nafarroako Gobernuan. Hezkuntzako kontseilariak hainbat gela itxi nahi ditu ikastola hauetan: Lodosako Ibaialden, Irunberriko Arangoitin, Zangozako ikastolan, Tafallako Garcés de los Fayosen, Zizur Nagusiko San Ferminen, Berako Labiagan, Lesakako Tantirumairun eta Lizarrako ikastolan. Orain arteko irizpideak aldatu ditu. 25 ikasle baino gehiago izanez gero, bi gela sortzen ziren. Joko arauak aldatuta, gelak murriztu ditu.

Inor harritu ote du? 2024an Oibarren euskarazko haur eskola ukatu zuen. 2025ean, PAI-D ereduan ingelesezko ordu kopurua handitu egin zuen, PAI-D ereduan zientzietako irakasgaia euskaraz emateko aukera ukatu zuen (Nafarroako Arartekoaren eskaerari muzin eginez), Faltzesen D eredua ukatu zuen, Corellan D eredua ukatu zuen, A eredua oztopatu zuen Corellako institutuan, Fiteron ere A eredua oztopatu zuen… Eta PAI erabat blindatu eta sustatu du.

PSOEk irakaskuntzan euskararen aurka jokatzen du, eta Administrazioan ere bai.

Merezimenduen Dekretuaren irizpide murriztaileak udaletara hedatu ditu (eremu “mistoko” udalek nahi adina balora zezaketen euskara baina orain puntuazio guztiaren % 2’1, bakarrik: azkeneko 40 urteetan, unerik okerrena da euskara garatu nahi duten eremu mistoko udalentzat); Nafarroako Gobernuan lanpostu elebidunen kopurua eskasa da; Nafarroako Gobernuko plantilla organikoan lanpostu elebidunek igoera txiki bat izan dute, baina horren araberako lan deialdiak ez dira egiten (beraz, igoera hori ez da gauzatzen), eta gainera, Nafarroako Gobernuaren irizpidea da aldi baterako deialdietan hizkuntz profil elebiduna ez dutela errespetatu beharrik, eta ez dute errespetatzen.

ETB3 (orain ETB On) Nafarroa osoan ikusgai jartzeko bere konpromisoa ez zuen bete, eta oraindik ezin da ikusi mendialdeko zati handi batean eta Pirinio aldean (hain zuzen ere, haur euskaldunen portzentajerik handiena dagoen eremuan, esaterako Baztanen, etab.).

PSOEk, euskarari dagokionez, irakaskuntzan, administrazioan eta telebistan jokatu eta jokatzen du bere aliatuak UPN, PP eta Vox izanen balira bezala. PSOEren bidez, UPNren euskarafobia Nafarroako Gobernutik uxatzeko asmoa baldin bazuten bere aliatu abertzaleek, ederki tronpatu direla garbi dago. Ondoriorik aterako ote dute?

Gehiago