Navarra Suma kulturen arteko bizikidetzaren eta euskararen aurka agertu da Burlatan

Joan den legealdian Burlatako Udalak Kultura-Aniztasun eta Migrazioen izeneko zinegotzigoa eta zerbitzu publikoa jarri zuen martxan. Bere helburuen artean honako hauek zeuden: auzokide berriei harrera egitea; gizarteratzea eta pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzea; kulturen arteko bizikidetza bultzatzea edo edozein motatako diskriminazio eta arrazakeriaren aurrean sentsibilizatzea eta salatzea.

2020-ko otsailak 19

Sorrerako dokumentuan,

halaber, bi hizkuntza ofizialak, gaztelania eta euskara, ikasten

laguntzearen garrantzia jasotzen zen, inklusioa eta bizikidetza

errazteko. Gogoan zuten euskararen egoera minorizatua, eta Udalak herritar guztien aukera berdintasuna bultzatzeko neurriak hartzeko
duen betebeharra, euskara ezagutu eta ikasteko orduan. Horrela, gaztelania ikasteko taldeak jarri ziren martxan, euskararako hastapen ikastaroak egin ziren edo liburuxkak argitaratu ziren hainbat hizkuntzatan (gaztelania, euskara, arabiera, errumaniera, errusiera, wolof, ingelesa, frantsesa …), D eredua bultzatzeko jatorri desberdinetako pertsonen artean ere.

Legealdi honetan, ordea, Nafarroa

Sumak D eredua sustatzeko kanpania eta liburuxka zentsuratzea erabaki

du, bere euskarafobia ezagunarena baino azalpen handiagorik eman

gabe. Honen erakusle, batzordean horren inguruan galdetu zitzaienean

udal taldeei gezurra esanez erantzun zigutela. Erabaki horren bidez,

euskara ikasteko eskubidea oztopatu nahi zaie liburuxkaren hartzaile

ziren pertsona migratzaileei eta jatorri desberdinetakoei, eredu

eleaniztun horretan matrikulatzeko aukera-berdintasuna ukatuz.

Gogora

ekarri behar da Udalak eskatutako eta NUPeko Gizarte Laneko

Departamentuak egindako “Burlatako bizikidetzari buruzko

diagnostiko soziala” ikerketan euskara integraziorako tresnatzat

hartzen dela, argi eta garbi jatorri guztietako herritarren artean,

eta administrazioek bultzatu behar dutela haren irakaskuntza.

Horregatik, EH Bildutik salatu nahi ditugu eskuinaren jarrera sektario horiek, herritar gehienen iritzien aurka doazenak, eskubideak eta aukerak ukatzen dituztenak, eta Burlatako kulturen arteko bizikidetzari eraso egiten diotenak.

Gehiago