AEK-k Tuterako euskaltegi berria inauguratu egin du Erriberan euskarari bultzada berri bat emateko asmoz
Euskaltegi berriaren ateak zabaldu ditu AEK-k Erriberan euskara ikasle kopuruak izan duen gorakadari erantzuteko. Aurtengo ikasurtean espero dute pasa urteko 145 ikasle kopurua gainditzea. Gogoratu dutenez, gaur egungo diru-laguntzei esker, doakoa da euskara ikasten hastea.
2026-ko irailak 19
AEK 80ko hamarkadan hasi zen Tuteran euskara eskolak ematen. Hasieran, ahal zen tokian: Lestonnac eraikinean, hainbat eskolatan… 1988an erosi zen orain arte Tuterako Herrerias kaleko Arrigarai euskaltegia izan dena, baina lokal hori txiki geratu da ikasle kopurua handitu delako. Izan ere, goranzko joera etengabea izan da azken urteetan. Adibide gisa, 2010/2011 ikasturtean 10 ikasle zeuden; 2015/2016 ikasturtean, 44. Eta 2025/26 ikasturtean, 145 izan ziren jada. Urte hauetan AEK-ko kideek egindako lan izugarriak “eragin handia izan du hazkunde honetan”, adierazi dute alfabetatze koordinatzailetik. Baina baita Korrika bera ere, 2009an Tutera eszenatoki izan zuena. Eta azken edizioak Erriberako hiriburutik pasa dira partaidetza handiarekin, baita Nafarroa hegoaldeko herrietan ere.
Tuterako euskaltegiaz gain, Milagron, Arguedasen, Valtierran, Cabanillasen, Murchanten… ematen dira eskolak.
AEK-k Tuteran duen Arrigarai euskaltegi berria San Martzial Bidea 31 kalean dago. Hiru gela izango ditu, guztiak oraingoak baino handiagoak, eta horiei gehitu behar zaizkie harrera, erabilera anitzeko gela bat eta patioa, tailerrak eta beste jarduera batzuk egiteko erabiliko direnak.
Euskara ikasteko diru-laguntzak: hastea guztiz doan da
Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, “Euskara orain” urteroko kanpaina berritu du helduen artean euskararen ikaskuntza bultzatzeko, eta ikasturte honetan, lehen aldiz, doakotasuna lortu da A1 eta A2 hasierako mailetan izena ematen dutenentzat. Gainerako mailetarako ere laguntza handiak daude, eta Erribera bezalako eremuetan, Errigoraren lanari esker, euskara ikastea ia doakoa izatera iristen da.
Gehiago
2
Nuevo euskaltegi de AEK en Tutera ante la creciente matriculación de estudiantes de euskera
Helduen euskalduntze-alfabetatze sektorea 300.000 euskaldun berri lortzeko erronkan estrategikoa dela azpimarratu dute
1
